Iker Moreno: “Ematen du ezin dugula egin zigutena kontatu”

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 19a

Iker Moreno torturatu zutela salatuz GuardiaZibila iraindu dutelakoan, haren aita Txelui Moreno, ama Julia Ibañez eta anaia txiki Ibai Moreno atxilotu ditu Espainiako Polizia Nazionala.

“Dakiguna da Guardia Zibila iraintzea leporatzen dietela. Ematen du gaur egun egin zigutena ezin dela kontatu. Baina juridikoki ez dakigu zeintzuk diren egozten dizkietenak”. Hala azaldu dio Iker Morenok bere aitaren atxiloketa Euskalerria Irratiari. “Urduri gaude, etxepean kalez jantzitako poliziak ditugulako”, gaineratu du. Elkarrizketa egin eta gutxira, haren ama Julia Ibañez eta anaia txiki Ibai Moreno atxilotu dituzte. Oraingoz, guztira sei dira atxilotuak.

Nolanahi ere, Ikerrek beste behin salatu du irrati iruindarraren sintonian institutu armatuko kideen eskuetan pairatu zuena: “Duela bost urte atxilotu gintuen Guardia Zibilak, 2011ko urtarrilaren 18ean, bost egunez inkomunikatuta izan gintuzten, eta egun horietan torturatu gintuzten”.

Eta ez da damutzen hura salatzeko egindako lanaz: “Epaiketa zetorrela ikusi genuenean, Aztnugal kanpaina jarri genuen martxan. Kanpaina egin genuenean argi genuen tortura horiek salatu behar genituela, eta laguntza eskatu genuen hori lau haizetara zabaltzeko. Nazioartetik ahots batzuek sinesgarritasuna eman zieten gure adierazpenei, eta uste genuen aukera paregabea genuela hori egiteko”.

Itxura guztien arabera, Aztnugal kanpainaren barruan Burlatan torturaren aurka egindako pintaketa batean oinarriturik egin dituzte atxiloketok, Guardia Zibilarentzat iraingarria delakoan. “Hainbat dinamika gauzatu genituen”, dio Ikerrek. Horien artean, Estatuko hainbat eragile ezagunek sinaturiko agiria: “Uste genuen gatazkaren konponketan pausuak eman behar genituela, eta konplizitateak bilatu genituen horren gertukoak ez ziren pertsona batzuekin. Oso pozik gaude, Estatuko 23 pertsona esanguratsuk sinatu dutelako, haien artean ETAren biktima izandako bi pertsona. Guretzat hori da garrantzitsuena, duela urte batzuk arerio genituen horiengana hurbildu gara eta errelatoa konpartitzen hasi gara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!