Parlamentarien solasaldia: Sinboloen Legea aldatzearen alde daude aldaketaren lau indarrak

Euskalerria Irratia 2016ko martxoaren 9a

> EH Bilduko Bakartxo Ruiz: "Ikurrina milaka nafarrok gure sentitzen dugun beste ikur bat da, zergatik murriztu behar zaigu eskubide hori?".
> Castiella (Geroa Bai): "Egungo gizartera egokituta dagoen Sinboloen Lege bat behar dugu".
> Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "[Ikurrinari buruz] mehatxuak, isunak... baztertu behar ditugu".
> Ahal Duguko Laura Perez: "Zergatik monarkikoa ez den herri batek jarri behar du erregearen erretratua?".

Nafarroako Sinboloen Legea izan da Geroa Baiko Jokin Castiella, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza eta Ahal Duguko Laura Perez parlamentariek jorratutako gai nagusia, Juan Kruz Lakasta kazetariaren laguntzarekin.

Iruñeko Udalak txupinazoan ikurrina jartzea “lege-iruzurra” dela dio epaileak, haatik, Berriozarkoan ez du legez kanpokotzat jo beste magistratu batek. Sinboloen Legearen nolakotasunari tiraka ekin dio Jokin Castiella Geroa Baiko parlamentariak solasaldiari: "Egungo gizartera egokituta dagoen Sinboloen Lege bat behar dugu", adierazi du. Irmo mintzatu da. "Horrelako txorakeriekin bukatu beharko genuke, eta alde batetik eta bestetik errespetu osoz begiratu". 

Ikurrina, nafarrena ere

Ikurrina jartzea legearen barnean egin behar da, haren aburuz. "Presa inoiz ez da izaten ona eta mesede gutxi egiten dio aldarrikatu nahi dugunari". Castiellaren aipuari erantzun egin dio Ruizek (EH Bildu), izan ere, haren aburuz, gauzak ez dira "korrika eta presaka" egin, Geroa Baiko kideak adierazi duen gisan.

Galdera utzi du airean Ruizek berak: "Egun dagoen legea zertarako sortu zen? Debeku bat ezartzeko eta eskubideak murrizteko". Aldarrikapena harilkatu du, halaber. "Ikurrina milaka nafarrok gure sentitzen dugun beste ikur bat da, zergatik murriztu behar zaigu eskubide hori?".

"Inposaketarik sortzen ez duen legea garatzeko" aldatu nahi du Ahal Duguk indarrean dagoena. Ezkerrak ere aldaketaren alde egin du, eta "aniztasuna" errespetatuko duen lege bat defendatu du, "mehatxuek eta isunek" baztertu behar dira, haren irudiko.

Espainiako bandera, nahitanahiez

Espainiaren bandera derrigorrezkoa dela gogorarazi dute, eta beste zenbait betekizun ere ezartzen dituela. Monarkia aitatu du Perezek. "Zergatik monarkikoa ez den herri batek jarri behar du erregearen erretratua?".

Ikurraren afera bakarra ez dela aipatu du, bide beretik, Ruizek, eta adibide batekin josi du argudiaketa. "Etxarri Aranatzen galdetuko bagenu ea espainiako bandera udaletxetik zintzilik nahi duten uste dut erantzuna argia litzatekeela, baina plantea daiteke bide hori egitea". Erretorikoki planteatu du galdera. Herritarrek "inongo ikurrik ez jartzea" ere erabaki ahal izatea aldarrikatu du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!