Jatorri elektrikoa izan zuela bai, baina are zehatzago ezin izan du Polizia zientifikoak azaldu zerk kitzikatu zuen sua, ez eta non piztu zen. Entxufe bat, kableren bat, korrontera konektatutako gailuren bat edozer izan ahal izan zen sugarren sorburu.
Ez dirudi inork piztu zuenekin. Dirudienez, ustekabean piztu zen bakarrik; istripu bat izan zela da hipotesi nagusia. Hala izanez gero, aseguru etxeek hartu beharko dituzte euren gain sutearen ondorio ekonomikoak.
Suhiltzaileek ere euren jarduna zertan izan zen azaldu dute. 02:44ean deia jaso zuten, eta bederatzi minutu geroago bosgarren pisuko bizilaguna jaisten ari ziren. Bitartean, barrura sartu ziren suhiltzaileek pilatutako gasen leherketa pairatu zuten, eta langile gehiago bidali zituzten. Hiru orduz lanean aritu eta gero, 06:00ak aldera itzali zuten sua.