Nafarroako Unibertsitateko irakaslea, geomorfologoa eta geoteknian aditua da Antonio Aretxabala. Nafarroako Parlamentuan izan zen atzo ESAko urtegiaren inguruan azalpenak ematen. Hain zuzen, urtegiko eskuin magaleko mugimenduen inguruko txostena egin berri dute. Horren arabera eta Ebroko Ur Konfederazioak dituen datuek ere hala baieztatzen dutenez, ESAko urtegiko eskuin magalak egun, mugimenduan segitzen du: "Urtegia handitzea ezin da irtenbidea izan", ondorioztatu du txostenak. "Egia da urtegia handitzeak egonkortasuna ekar diezaiokeela, baina, urtegien helburua ez da desegonkorrak diren magalak eustea, baizik, ura pilatzea".
ESAko urtegiaren segurtasuna "promesa" izan da beti, eta hala izaten segitzen du egun Aretxabalaren esanetan. "Datu geoteknikoek agerian utzi dute datu okerrekin jardun direla", azaldu du. Urtegian izan diren mugimenduak "zulaketen" ondorioz izan direla ere baieztatu du.
ESAko Lasaitasuna eta El Mirador auzoetako biztanleak ez dira euren etxeetara itzuliko Aretxabaletaren ustez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin berri duen txostenaren arabera, Zangozako herritarren %63 beldurrarekin bizi dira. "Nafarroako Gobernuak aurre egin behar izan zion Ebroko Ur Konfederazioari", uste du geomorfologoak