Hartu, tenka, tira! 2016ko urriaren 16an eginen den Nafarroa Oinezen lema da. Vianan eginen dute festa handia. Dena dela, jaia antolatzen duen ikastola ez da soilik Vianako Erentzun izanen, lehen aldiz bi ikastolen artean eginen baitute; Erentzunekin batera Lodosa eta Sartagudako Ibaialde ikastolak ere antolatuko du.
Urte honetan eginen diren ekitaldi gehienak Lodosan eginen dira, eta euskara bultzatzea eta Erentzun eta Ibaialde ikastolen hezkuntza proiektuak zabaltzea izanen dute xede. Datorren urteko jaian bilduko den dirua bi ikastolak eraikitzeko hartu zen zorra ordaintzeko bideratuko da, aurrera begira eskaintza garatu eta handitzeko.
Hartu, tenka, tira!
Nafarroa Oinezen leloa sokatira hasi aurreko hitzetatik hartu dutela nabarmendu dute, eta horrekin Oinezen proiektuari elkarrekin heltzeko ekintzara deitu nahi dutela, "guztiok euskara bultzatzeko". Ikurra ere soka bat da, eta horrek ere elkarlana eta borondate desberdinen arteko batasuna irudikatu nahi du.