Hezkuntzak euskarazko ahozko gaitasunari buruzko webgune bat aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 28a, 20:05

Bertan proposamen bat eskaintzen da, sekuentzia didaktikoen bidez egituratua, haur eta gaztetxoen ahozko komunikazio gaitasuna gelan lantzeko. 

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak webgune bat aurkeztu du gaur arratsaldean Huarteko EIBZ Baliabideen Zentroan; bertan, euskarazko ahozko komunikazio-gaitasuneko oinarri teorikoak eta didaktikoak jasotzen dira, bai eta ikastetxeetan euskaraz egindako praktikak ere. Webgunea Euskararen Ataletako teknikari Esther Mugertzak eta EIBZ Baliabide Zentroko irakasle Yolanda Olasagarrek egin dute.

Webgunearen egileek Josune Zabala alor horretan esperientzia duen ikertzailearen laguntza izan dute. Karlos Lizoain arduratu da diseinuaz, eta Eduardo Aldasorok ebaluatzeko zatian lagundu du. Proiektuaren bultzatzaileez gain, aurkezpenean, Leitzako Erleta eta Altsasuko Aralar BHI zentroetako irakasleen parte hartzea espero da.

Hezkuntzatik adierazi denez, material honek ikasgelak euskarazko ahozko komunikazio-gaitasunean lan sistematiko bat egiteko beharrari erantzuten dio. Euskaraz ia berrogeita hamar urteko irakasleen esperientzia zabaletik abiatuz, ikasleen euskarazko ahozko produkzioaren kantitate eta kalitateari erreparatuz, euskararen irakaskuntza-ikasketa moduari buruz hausnartzea beharrezkoa da ahozko gaitasuna optimizatzeko. Web-orriak ongi oinarritutako eta frogatutako proposamen bat jasotzen du, sekuentzia didaktikoen bidez, xede hori lortzeko asmoz.

Oinarri teorikoa Genevako eskolak egindako proposamen metodologikotik abiatzen da, Bronckart, Dolz, Pasquier eta Schneuwly irakasleek testu-generoekin egindako laneko proposamenen bidez. Gure testuinguruan adituek egindako ekarpen nahiz proposamenak ere sartzen dira, Uri Ruizek edo Itziar Idiazabalek egindakoak, esaterako, Miker taldeko adituak, eta baita beste zenbaitek egindakoak ere.

Praktika hamabost ikastetxetan emandako prestakuntza-ikastaroen ondorioa da, eta haietan 250 irakaslek baino gehiagok parte hartu dute. 400 sekuentzia didaktikotik gora prestatu dira, eta haietatik webgunean Haur eta Lehen Hezkuntzako 12 sekuentzia jarri dira, eta Bigarren Hezkuntzako beste 10. Webguneak, gainera, Lehen Hezkuntzako hirugarrenerako ahozkotasuneko ebaluazio-proposamen bat jasotzen du.

Hezkuntza Departamentuak azpimarratzen duenez, web-orria dinamikoa eta irekia da, eta esperientzia trukatzeko gogoarekin jaio da. Prestatu ahala, material gehiago zintzilikatuko da, hezkuntzako ikasturte bakoitzean ahozko produkzioa neurtzeko proposamenak bereziki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!