Parlamentarien ondarea publiko egiteko aukera aztertuko dute

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 27a, 08:40
Mahai eta eledunen batzarra osatzen duten parlamentariak. Arg: parlamentonavarra.es

Batzorde txostengile bat eratuko dute erabakia hartzeko.

Nafarroako parlamentarien ondarea eta jarduera ekonomikoaren berri publiko egiteko aukera aztertuko dute batzorde txostengile batean. Lehenbizi, Erreglamentu Batzordera joanen da gaia eta hor batzorde berezia osatzea adostuko dute. Bestelako gaiak ere aztertuko lituzkete batzorde txostengile horretan: hizkera ez sexista erabiltzeko beharra, parekidetasuna eta osoko bilkuran parlamentari bakoitzaren hizketaldiak zenbateko iraupena izan beharko lukeen ere aztertuko lukete.

Podemos-Ahal duguk egindako proposamena da parlamentarien ondarea publiko egitearena. Geroa Bairen ustez beharrezkoa da jardun politikoa dutenen jarduera ekonomikoa eta ondarearena kontrolatzea, baina, ez du ezinbestekotzat jotzen herritarren aurrean aurkeztu behar izana, "politikariak bizilagunengandik gehiago hurruntzera eraman dezake ekimen horrek eta txutxu-mutxuetarako baino ez luke balioko", esan du Koldo Martinezek.

UPN eta EH Bildurentzat ez dago inolako eragozpenik publiko egiteko eta PSNri egokia iruditzen zaio. Izquierda-Ezkerrak eta PPk ere ez lukete desegoki ikusiko publikazioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!