Irlandan bizi da egun Roldan Jimeno eta zuzeneko konexioa egin du harekin Pello Argiñarena kazetariak, Metropoli Forala saioan. Elkarrizketa osorik entzun daiteke, Nahieran atalean.
Nola hartu duzue saria? Nonbait, entzun dut beranduegi datorrela.
Bai, oso pozik, noski, guretzat hau ohore handi-handia da, nola ez, baina pena puntu horrekin. Azken batean, duela hiru urte hil zen gure aita eta ez zuen hau ikusi. Seme-alabok bezala, gure ama, ilobak, Artaxoako familia etab. oso harro gaude, baina pena puntu horrekin.
Nafarroako kulturan, ohituran... eginiko lan eskerga saritu nahi dute, eta hori ere nabarmentzeko modukoa da, oraindik ere Jimeno Jurioren lanak argitaratzen ari zaretelako. Zu bereziki lan horretan ari zara.
Egia esanda, oso harro gaude; dagoeneko 50 ale atera ditugu eta 62-65 inguru izanen dira osotara. Halako proiektu bat ez da batera ohikoa, oso berezia da. Kasu honetan argitaletxe pribatu batek bultzaturikoa, Pamiela argitaletxeak. Hasieran, ez zuen inolako diru-laguntzarik jaso; gero, bai, sartu ziren Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoa, baina pribatua izan da. Kontestu horretan, urrezko dominarekin ikuspegi ofiziala, edo errekonozimendu ofiziala, dator, hutsune hori ere betetzeko.
Esaten dute intelektual “ezohikoa eta errepikaezina” izan zela zure aita. Zergatik ezohikoa?
Ez da oso normala pertsona batek hainbeste alor jorratzea aldi berean: etnografia, historia -historian gainera garai guztiak-, toponomastika… Oso ezaguera ezberdinak dira eta guztiak oso ongi jorratuak. Nik uste dut hori oso bitxia dela.
Hainbat alorretan aitzindaria izan zen. Orain memoria historiako deritzogun alorrean, historia sozialean, folklorean… aitzindaria izan zen eta bide ugari ireki zituen gerorako. Gerora etorri diren ikertzaile askok bere bidea jarraitu dute, sakondu dute.
Euskal kulturaren girotik ez zetorren gizona izan zen zure aita eta kultura zabaleko gizona izanik iritsi zen euskal zaletasunera, ezta?
Nire aita Arxoako zen; oso familia tradizionalista-karlista batetik zetorren, Artaxoako guztiak bezala. Baina oso txikitatik euskara ezagutu zuen. Bazuen izeba bat Oñatin moja zena, komentu bateko superiora zena, eta nire bi izebak, Artaxoakoak, hara joan ziren txikiak zirenean. Bat aurten hil da, baina besteak oraindik hitz egiten du euskaraz Oñatiko erara.
Nire aita gaztetxoa zenean, eta ikertzen hasi zenean, deskubritu zuen Artaxoako toponimia eta deskubritu zuen XIX. mendera arte euskaraz hitz egiten zela. Hori berarentzat izan zen nolabaiteko deskubrimendu pertsonal bat, identitarioa. Eta, gero, ezagutu zuen Joxe Migel Barandiaran eta oso adiskideak egin ziren. Bere eskutik sartu zen buru belarri euskal kulturan. Eta hor aritu zen bere bizitza osoan.
Noiz etorriko zara? Nafarroako urrezko domina abenduaren 3an banatzen da, atzeratu eginen dute zu etortzeko aukera izateko?
Nahiz eta gobernu berria egon, santuak ez dira aldatzen, eta hor dugu Xabierko Frantzisko. Nafarroako Eguna da eta hara joan behar.