Nafarroako Ubidearen bigarren fasea egin baino lehen egitasmoa "berraztertu" behar dela uste du Gobernuak. "Aztertu beharra dago hori ote den aukerarik onena Erriberara ura garraiatzeko", jakinarazi du Uxue Barkosek Parlamentuko osoko bilkuran. Hau da, kalitateari eta kostuari erreparatuta, aurreikusitako bigarren fasea aukerarik onena ote den ikertu behar da.
"Ez gaude ubidearen bigarren fasea egitearen aurka", esan du Barkosek. Ubidearen bigarren parte hori egiteak ekar dezakeen "gehiegizko kostua" ekidin behar dela dio eta bilatu behar dela alternatiba bat ahalik eta kostu txikienarekin ura garraiatzeko. "Ekonomikoki nekazariei eta Nafarroako ogasunari ahalik eta kosturik txikiena eraginen duen eredua bilatu behar da eta ahalik eta kalitate handienarekin ura garraiatzeko modua".