Ruben Goñi: “Navarra Arena-ko pilotalekua zabaltzeko beste lau milioi beharko lirateke”

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 22a

Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari kudeatzaileak dio frontoiko zorua jarri gabe dagoela. Kiroldegia zabaldu ala ez erabaki aurretik, datu guztiak mahai gainean eduki nahi ditu.

Kirol eta Gazteri institutuko zuzendari kudeatzaile Ruben Goñi iruindarra da, eta 33 urte ditu. Arakilen bizi da. Jarduera Fisikoaren eta Kirol zientzien lizentziaduna da. 2007tik 2015era Kirol teknikari izan zen Araitz, Areso, Betelu eta Laurraungo komunitatean.

Bi hilabete daramatzazu karguan. Zer aurkitu duzu Kirolaren sailean?

Urte askoan murrizketak egin dituztela, beste hainbat alorretan bezala. Eta bestalde, federazioekin, elkarteekin, udalekin, distantzia handitu dagoela, harremana falta dela.

Kirolean, orain arte, eliteen aldeko apustua egin du Nafarroako Gobernuak?

Elite alorrean ere murrizketak egin dituzte. Eta babesle pribatuen laguntza bilatu dute. Baina oraindik ere aztertu behar dugu aurrekontuei begira eliteak nolako pisua duen, eta halaber zer suposatzen duen Nafarroan bere indarrak eta mugimenduak, ekonomikoki eta beste kirolari gazteentzako erreferente moduan. Baina elite horrek ezin du hartu gure aurrekontuaren zati handia.

Kirola praktikatzeko zer moduzko azpiegiturak ditu Nafarroak?

Askotan aipatzen da azpiegituren beharra. Gaur egun daukagun erronka da dauden azpiegiturak mantentzea, eta ahalbidetzea haien funtzionamendua.

Zure buruko minik handiena Navarra Arena al da?

Atzo bisitatu genuen, barrutik, goitik behera ezagutu genuen.

Zer sentsazio?

Oso auto dotore batean eserita bazeunde bezala sentitzen zara hor barruan, begiak itxiz gero berri usaina sumatzen duzu. Baina ezin duzu martxan jarri. Gurpilak falta zaizkio. Hori da sentsazioa.

Egiguzu argazkia. Zer du barruan Navarra Arenak?

Oso espazio handia da. Kantxa, frontoia, oso handiak dira. Ikaragarria da eta aukera handiak ematen ditu kirol zein kultura ikuspegitik. 10.000 lagunentzako harmailak ditu, eta hainbat gela. Gela horiek txikiak dira, baina aukera ona eskaintzen digute federazioen beharretara begira. Tabernatxo batzuk jartzeko aukera ere badago. Azpiegitura handia da: 54 milioi, eta urbanizazioan beste 4. Orotara, 58 milioi.

Zabaltzen bada, garesti. Eta irekitzen bada ere, garesti.

Bi lan talde jarri behar ditugu martxan. Talde batek espezializaturiko enpresekin elkarrizketa lehiakorra eginen du, ikusteko zein aukera edukiko genituzkeen. Eta bestetik Kirol Institutuaren barruan ikusi behar dugu epe motzean zer nolako ekintzak egin daitezkeen, zein pauso egin daitezkeen irekitzeko. Ia milioi eta erdi euro behar dira irekitzeko lizentzia lortzeko. Baina hori eginez gero erabili ahal izanen genuke espazioa, oholtzarekin eta intereseko ekitaldiak ekarriz. Eta bestalde frontoia hor dago, baina lurra oraindik ez legoke prest hainbat ekitaldi egiteko, beharko genituzke  beste hiruzpalau milioi euro.

Lau urteko legealdia duzue. Amaieran nola egonen da Navarra Arena, irekita, itxita?

Akordio programatikotik abiaturik esanen dizut pertsonen beharrak ase behar ditugula. Hortik aurrera, hori bete eta gero, bestelako inbertsioak egin daitezke. Aurrekontuen eta diru aukeren arabera aterako da aurrera, ala ez. Baina argi dugu mantenuan eta eskatzen digun diru kostuetan adi egon behar dugula, lanean, sakonki, hori murrizteko. Bitartean aztertu behar dugu ekarpen publikoekin aski den zabaltzeko, edo ekarpen pribatuak lor daitezkeen. Ematen du lau urte asko dela, baina bi urte daramatza jada itxita.

Zuk zer uste duzu gertatuko dela?

Oraindik informazio guztia jasotzen ari gara. Eta guztiak mahai gainean ditugunean erabakia hartuko dugu. Oraindik legealdiaren %4a besterik ez da pasa, %96 falta da.

Navarra Arenatik gertu, beste buruko min handi bat: Sadar, Osasuna. Norena da Osasuna?

Sadar eta Taxoare Gobernuarenak dira, nafar guztionak. Gero taldea bazkideena da, haiena. Hala adierazi diet bileretan. Instalazioak gureak izanik, alokatu eginen zaizkie. Bitartean, hor gaude beste gai askorekin harremanetan. Zergen kontua Ogasun Departamentua kudeatzen ari da.

2013ko diru laguntzak itzuli behar dituzte kirol federazioek, eta horrek polemika handia eragin du. Zertan da auzia?

Lehenik eta behin, beraiekin banan-banan bilerak egin ditut. 43 dira. Haien ezaugarriak eta kirol beharrak aztertu ditugu, ez bakarrik alor ekonomikoa. 2013koa guretzat aurreko Gobernuarengandik jasotako auzia da. Federazioak aztertzen ari dira bide legala. Gu aztertzen ari gara federazio horien jarduerak nola mantenduko ditugun, kudeatu, hobetu. Gure Kirol Institutuak harremana izan behar du haiekin, elkarlana. Funtzio publikoak egiten dituzten eragile pribatuak dira. Jende asko mugitzen dute. Eta elkarlana egon behar da. Itzuli beharreko 194.000 euro horien itzulketari buruzko txostena aurki prest egonen da, eta hortik abiatu beharko dugu. Horren sorburuan dago 2013an Kirol Legera moldatzeko hainbat mugimendu egin zituztela. Baina harremana eta elkarlana ez zen behar bezain estua izan.

Nola bideratuko duzue Los Arcosko zirkuitua?

Bada ezberdintasun bat Navarra Arenarekin alderatuta: irekita dago, funtzionatzen du, badu erabilera bat, eta lantzen ari dira kirol arlotik eta bestelakoetatik: auto aurkezpenak egiten dituzte, bestelako ekitaldiak. Horrek ekarpen ekonomiko bat egiten dio Nafarroari. Hor galdera da horretarako zenbat diru gastatu den, zein inbertsio egin den.

Los Arcos herrian diote haiek ez dutela diru itzulera hori ikusten.

Aztertu beharko da itzulera hori zenbatekoa den, Nafarroan eta inguruko erkidegoetan. Baina bai nabarmentzekoa da zirkuitua martxan dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!