Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka goiburua izanen du aurtengo Errigoraren kanpainak ere. Saskiak osatu dituzte, Nafarroako Erriberako produktuz beterik: babarrun, txitxirio, kardua eta borraja kontserba potoetan, ardoa, olioa, almendrak, piperrak, zaintzuriak … hori guztia 50 euroren truke. Erriberako 15 ekoizleri bideratuko zaie dirua eta %25 euskarari. Aurten, zenbateko hori Viana eta Lodosako ikastolei, Erriberako AEKra eta Sortzenek D eredua Nafarroa osora zabaltzeko ekimenak babestera bideratuko da.
Orain arteko kanpainetan 300.000 euro biltzea lortu dute. Erronka, urtez urte zenbateko hori handitzea da, mesedegarri baitzaie ekoizleei zein euskarari ere. Auzolanean egindako lana dela gogorarazi du Errigorako kideek.
Bihar hasiko da kanpaina, bihartik aurrera egin daitezke saskien eskaerak. Horretarako errigora.eus webgunean sartu eta idazki bat bete beharko da. Ondoren, zenbait salmenta puntutan jaso ahal izanen dira saskiak.