Askapenaren aurkako epaiketa gaur hasiko da

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 19a, 09:00

Epaiketa horren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte. Urriaren 31n Madrilen manifestazioa deitu du Eleak Mugimenduak.

“Ikasturte politikoaren hasieran salbuespenaren eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko urraketaren argazkia helarazi nahi diogu euskal jendarteari”, azaldu dute Libre eta Eleak mugimenduetako kideek eta auzi desberdinetan inputatutako euskal herritarrek. Hurrengo hilabeteetan epaituak izanen dira Askapena, Batasuna eta Ekineko kideak eta aurrerago Herrirakoak eta euskal presoen abokatuak pasa beharko dira auzitegietatik. “Iragana, oraina eta etorkizuna hari batek lotua: salbuespen politikoen hari bidegabeak”, gaineratu dute.

Uste dute 2015eko urrian horrelako argazki bat posible izatea espainiar eta frantziar Estatuek konponbiderantz urratsak emateko duten borondate faltagatik dela: “Salbuespen iraunkorraren paradigma eta bere bitarteko judizial, polizial, politiko eta mediatikoak indarrean daude oraindik”. Egun Euskal Herrian existitzen den “biolentzia politiko antolatu bakarra” instituzionala dela azpimarratu dute, duela lau urte ETAk jardun armatua utzi zuenetik ez dituztelako salbuespenezko neurriak aldatu. 

Inputatuek jakinarazi dute beraien militantzia politikoa eta leporatzen dieten “ustezko delitua” aldarrikatzen jarraituko dutela: “Auzipetuok epaiketak eta espetxeratzeak otzantasunez eta etsituta onartu ditzagula nahi dute, baina ez dugu horrela egin eta ez dugu egingo aurrerantzean ere”.

Mobilizazioak eginen dituzte

Denen artean Euskal Herriko udazkena laranjaz tindatzera deitu dute, eta antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dute oinarrizko eskubideen alde dagoen oro. Gaur elkarretaratzeak eginen dituzte Askapenaren aurkako epaiketaren harira, eta azaroaren 14 eta 15erako hamarnaka jarduera antolatu dute Hego Euskal Herri osoko Herriko Tabernetan.

Jakinarazi dute gaur bertan aurkeztuko dutela eragile desberdinek urriaren 31n Madrilen egingo duten manifestazioa, Euskal Herriarekin elkartasunez eta epaiketa politikoen aurka. “Herrien arteko elkartasuna sustatzeko eta gure eskubideak defendatzeko”, gatazkaren konponbidearen alde dagoen euskal herritar oro deitu dute mobilizazioan parte hartzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!