Gatazka guneetatik, batez ere Siriatik, ihesi joandako herritarrak Nafarroara iritsiko dira gaur. Iristen lehenak Ceutako eta Melillako harrera zentroetan dauden 16 siriar dira. Espainiako Gobernuak eta Gurutze Gorriak adostutako akordioaren baitan eginen dute lekualdatzea. Nafarroako Gobernuak hiru etxebizitza eskaini dizkie, eta osasun, hezkuntza eta gizarte alorrean dituzten beharrizanak aseko ditu. Gurutze Gorriak hartuko du bere gain errefuxiatuen ardura.
Gerora Nafarroara hel daitezkeen errefuxiatuak hartzeko planaprestatzen jarraitzen du Uxue Barkosen Gobernuak. Udalekin, gizarte eragileekin eta lagundu nahi duten herritarrekin lanean segituko du.
Asko dira errefuxiatuen auzian laguntzeko prest dauden herritarrak. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak asteazkenean egindako prentsaurrekoan azaldu zuen, orain arte 304 telefono dei jaso dituztela. Etxebizitza hutsak (48), logelak (123) eta bestelako zerbitzuak (42 itzultzaile) eskaini dituzte herritarrok. Errefuxiatuak hartzeko egitasmoan lagundu nahi duten nafarrek telefono zenbaki hauetara deitu dezakete (948 012 012 eta 012) edo navarra@navarra.es helbide elektronikora idatzi.
Ollok iragarri zuenez, Gema Mañu Gizarte Babes eta Inklusiorako zuzendari orokorra Madrilen izanen da urriaren 28an, errefuxiatuen harreraren inguruko bilera batean. Erkidego guztietako ordezkariak izanen dira bertan.