Isabel Elizalde: "Pentsatu behar da ongi azpiegiturak nola finantzatu"

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 5a, 10:44

Landa Garapen, Tokiko Adiministrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalde izan da gurean, eta Ubidea, Esako urtegia, landa garapena eta hondakinak izan ditugu mintzagai, besteak beste.

Lehenik eta behin, Nafarroako Ubidea jarri du erdigunean, aurreko astean Comptos ganberak egitasmoaren inguruan ateratako txostenaren karietara. "Pentsatu behar da ongi halako azpiegiturak nola finantzatu", esan du. Halaber, uraren garrantzia azpimarratu du: "Ura behar-beharrezkoa da, baina zenbakiak egin behar dira". Ez du, beraz, argitu zein izanen den aurrera begirako estrategia, baina "aztertu" beharreko auzia dela argi utzi du kontseilariak.

Argiago egin du solas, aldiz, Esako urtegiaren handitzearen inguruan: "Proiektuak eman behar digu lehenbiziko ziurtasuna, eta hori, gaur egun, ez daukagu".

Landa garapen programei dagokienez, "estrategikotzat" hartu ditu. Haren irudiko, gai asko barnebiltzen dituzte: landa bultzatzea, gazteak sartzea eta sektoreari berari balio handiagoa aitortzea, esaterako. Aho bilorik gabe hitz egin du: "Nik uste dut landa garapena dela egiatan behar duguna". Ildo horretatik, kontsumitzaileak tokian tokikoa kontsumitzera bultzatu behar direla aipatu du, bai eta nekazarien egitekoa aitortu beharra dagoela.

Oraindik erabaki gabe

Argi-ilun gehiagorekin azaldu dira bestelako gai batzuk. Toki administrazioaren esparruan, adibidez, "buru-belarri" sartu behar dutela argitu badu ere, egitasmo zehatzik ez du aletu. "Proposamena da ez dugula proposamenik eramaten mahai gainera. Gure proposamena da denon artean erabakitzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!