Erabakitzeko eskubideari buruzko osoko bilkura eginen dute

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 6a, 08:10
Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura monografikoa eginen dute erabakitzeko eskubidearen inguruan. Argazkia:parlamento.navarra.es

Herritarrak arlo ekonomikoan, sozialean eta politikoan erabakitzeko eskubideari eta parte hartzeari buruz duten eskubideaz ariko dira Nafarroako Parlamentuan.

Osoko bilkura berezia izanen da eta gai bakarrarekin: erabakitzeko eskunidea. Nafarroako Parlamentuak ez du ezarri oraindik datarik bilkura horretarako, baina urriaren amaieran edo azaroaren hasieran izan daiteke. EH Bilduren proposamena izan da osoko bilkura monografikoarena eta babestu egin dute Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. PPk eta UPNk kontra bozkatu dute eta PSN abstenitu da.

Adolfo Araizek, EH Bilduko eledunak, arrazoitu du herritarrek denbora daramatela egungo demokrazia eredua gainditzeko eskatuz. Parte hartzearen lege berri bat behar dela uste du, akordio programatikoan jasota dagoen bezala. Araizek ezinbesteko jo du herritarrek arlo sozial, ekonomikoan eta politikoan erabakitzeko eskubideari eta parte hartzeari buruzko eztabaida sustatzea.

Geroa Baiko Koldo Martinezek aipatu du ostiralean aldaketaren aldeko lau alderdiek egindako bilera batean hitzartu zutela proposamena babestea. Martinezek argi utzi du Nafarroaren nortasuna bere aniztasunean ulertu behar dela.

Ahal Duguko Tere Saezek defenditu du erabakitzeko eskubidea zerbait demokratikoa dela eta euren programa politikoan jasota datorrela. Hortaz, proposamena babestu dute herritarrek zer nahi duten galdetzeko aukera gisara.

PSN abstenitu egin den arren, Maria Txibite eleduna kritiko azaldu da, eztabaida horrek ez duelakoan zerikusirik kaleko jendearen kezkekin: "Gezurrezko eztabaida da". Txibitek azaldu du eztabaida politikoari ez diotela ezezkorik eman nahi eta horregatik jo dutela abstentziora.

Proposamenaren aurka egin dute UPNk eta PPk. UPNko Jose Javier Esparza oso kritiko azaldu da. Bere ustez, proposamena defenditzen dutenek "argi" hitz egin beharko lukete eta esan autodeterminazio eskubideari buruzko osoko bilkura izanen dela.

PPko Ana Beltranek, bere aldetik, ildo beretik jo du eta esan du uneotan "garrantzia handiagoko gaiak" badirela. Era berean, ulertezina deritzo PSNren jarrera: "Berriro erakutsi du ez dituela ideiak argi gai oinarrizko eta funtsezkoen aurrean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!