36ko gerran fusilatutako Gobernuko enplegatuak omendu dituzte

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 5a, 09:04

Gerra Zibilean, Nafarroako Diputazioarentzat lan egiten zuten 33 pertsona hil zituzten frankistek. 79 urteren ondoren, gobernu berriak omenaldia egin eta plaka bat inauguratu dute.

Ekitaldi hunkigarria izan zen. Jauregiko patioan lehen aldiz 33 langileen izen-abizenak entzun ahal izan ziren, biolinaren doinupean. Zelaida Biurrun biolin joleak lehen akordeetan Errepublikako ereserkiaren doinua jo zuen. Bertan elkartu ziren Nafarroan fusilatutako pertsonen 170 senide inguru. Bertan ziren, baita ere, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, Ana Ollo gobernuko eleduna, Maria Jose Beaumont Lehendakaritza kontseilaria, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerra parlamentu taldeetako ordezkaritza zabal bat.

Barkosek esan zuen omenaldia «gehiegi» luzatu dela denboran, «borondate politiko faltagatik». Haren esanetan, 36ko gerrako biktimekiko konpromiso argia du gobernuak. Funtsezkotzat jo du «iraganak eragindako amesgaiztoei aurre egitea, nahiz eta batzuek temati nahi ez izan». Ahanzturaren aurrean memoria aldarrikatu zuen: «Etorkizunaren kontzepzio berri bati lotuta egon behar du gertatutakoaren memoriak. Ez du zentzurik begirada atzera zuzentzeak, etorkizuna hobetzeko ez bada».

Amaieran, jauregiaren aurrean, hildakoen omenezko plaka inauguratu zuten, eta senideek zein herritarrek krabelin gorriak eskaini zituzten. Horietako asko hunkituta zeuden. Atzotik, 33 pertsonaren izenak ikusi ahalko dira gobernuko atari nagusian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!