Ubidearen harira, bi Nafarroak aurpegiz aurpegi

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 2a, 11:21

Ubideari buruzko txostena kaleratu du Comptos Ganberak, finantzaketa berraztertzeko eskatuz. Diario de Navarra-k egitasmoak sortutako "aberastasuna" azpimarratu du azalean; Diario de Noticias-ek, aldiz, kostua.

Geroa Baik taldeak eskatu zion 2014ko udaberrian proiektuaren inguruko azterketa Ganberari.

1050 milioi euroko kostua izan dute ubidearen orain arteko lanek; datuei so, Comptos Ganberak ohartarazi du azpiegitura handien ordainketa "birpentsatu" egin behar dela. Izan ere, egungo ereduari jarraiki, "belaunaldi oso batek" jasan beharko du ubidearen zorra. Halaber, ordainketa epea luzatzea beharrezkoa da, txostenean jaso dutenez.

Txosten bat, hamaika irakurketa

Ez du azpiegituraren inguruko irakurketa zehatzik egin Ganberak, errealitatea "poliedrikoa" dela azpimarratu, eta osotasuna epaitzeko "denbora gehiago" igaro behar dela adierazi du. Nolanahi ere, ur erreserbak edukitzea ontzat jo du.

Auzia muturreko bi ikuspegietatik jorratu dute Nafarroako egunkarietako bik.

"Comptosek Nafarroako Ubideak emandako aberastasuna azpimarratu du", eraman du Diario de Navarra-k lehen orrira.

"Comptosek Ubidearen finantzaketa berraztertzeko eskatu du, kostu handiarenagatik, eta ordainketa epea luzatzeko", paratu du azalean, berriz, Diario de Noticias-ek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!