500 eta 800 euro bitarteko diru-laguntza berriak guraso bakarreko familien kontziliaziorako

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 1a, 20:23
Aita eta umea. Argazkia navarra.es

Bikote ezkondu edo egonkorrek ere eskatu ahal izanen dituzte laguntzak bikotekide batek laneko arrazoiengatik Nafarroatik kanpo bizi behar badu.

Nafarroako Gobernuak 200.000 euroko diru-laguntzak banatuko ditu, lehenengoz, egoera berezietan dauden familien kontziliazioa sustatzeko. Halako egoeran daude, esate baterako, guraso bakarreko familiak, hau da, soilik bere ardurapean adingabe batzuk dituen heldu bakar batenak; adingabe horiek bere seme-alabak nahiz harreran hartuak izan daitezke.

Nafarroako Gobernuaren 800 eta 500 euro arteko laguntza horiek, gainera, bikote ezkondu edo egonkorrek ere eskatu ahal izango dituzte, bikotekide bat laneko arrazoiengatik 2015ean 240 egunez, etenik gabe, Foru Komunitatetik kanpo eta familiaren etxebizitzatik 200 kilometro baino gehiagora bizi bada.

Era berean, diru-laguntza horiek jasotzeko aukera izan dezakete bikote ezkondu edo egonkorrek, genero-indarkeria dela-eta aurten bikotekide bat, gutxienez sei hilabetez eta etenik gabe, kartzelan egon delako elkarrekin bizi ezin badira.

Laguntza horiek Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparraren foru-agindu batek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu denak, arautzen ditu. Gaurtik, urriaren 1etik, hasita azaroaren 2ra arte eska daitezke, dagokion inprimakiarekin, Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapen Agentzian, Nafarroako Gobernuaren erregistroetan eta 30/1992 Legean xedatutako lekuetan.

Eskaera-inprimakiak www.navarra.es webguneko Izapideen Katalogoan eskura daitezke, eta baita Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bulegoetan (Abejeras kalea, 9, Iruñea), oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eta Nafarroako hiriburuko auzo-unitateetan ere.

Bestelako betekizunak eta salbuespenak

Laguntza hauek jaso ahal izateko, familiako kideek Nafarroan erroldatuta egon behar dute, gutxienez, bi urte lehenagotik, salbuespenak izan ezik. Halaber, familia-unitatearen per capita errentak 13.848,22 eurotik beherakoa izan behar du.

Diru-laguntzak ezingo dituzte eskatu beste heldu batekin bizi direnek, haiek 25 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasuna nahiz mendekotasuna duten pertsonak direnean salbu. Era berean, ezingo dituzte eskatu banandutako edo dibortziatutako bikoteek, eskatzaileak adingabeen guraso-agintea eta zaintza eta jagoletza berak bakarrik izanik, erregimen partekaturik ezta bisitarik ez dagoenean salbu.

Nafarroako etxeen % 8,8 guraso bakarrekoak dira

Estatistika Institutu Nazionalaren azken erroldako datuen arabera (2011), Nafarroan etxeen % 8,8 guraso bakarrekoak dira. Familia horietan gurasoa emakumea da kasuen % 80,2n. Eta "datua garrantzitsua da, kontuan hartuta familietan joera erreferentziazko pertsona gizonezkoa izatea dela, oro har", Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapeneko Agentziak adierazi duenez.

Azpimarratzeko datu bat: Adecco Fundazioaren duela gutxiko azterketa baten arabera, Espainian, emakume bat buru duten guraso bakarreko familien % 56k 600 euro baino gutxiago ditu hilero.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!