Denon garaipena ospatzeko eguna

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 30a, 13:27
Patxi Huarte Zaldieroaren afixa.

>Gaur, 20:00etan, Iruñeko Zentral Kafe Antzokian, lizentzia ospatzeko festa eginen du Euskalerria Irratiak.
>Esne Beltzako Xab eta Pini, Demode Quartet eta The Broken Brothers Brass Band taldeen musika izanen da gozagai. Sarrera, musu truk.
>Politika, kultura euskalgintza eta gizarte mugimenduen munduko hainbat ordezkarik han izanen direla aurreratu dute.

Zortziak laurden gutxietatik, eta giroa berotzeko, The Broken Brothers Brass Band taldeak Burgoen plazan joko du New Orleanseko musika. Gero, irratiko zuzendari Mikel Bujandak lizentziaren ondorioen berri emanen du, hitzaldi labur baten bidez. Horren ondotik, Demode Quartet-ek ohi duenez euskal kantuen bertsioak abestuko ditu a capela. Jarraian, Euskalerria Irratiko langileek oholtzatik eskertuko dute komunitatearen sostengua. Amaitzeko, Esne Beltzako Xabik eta Pinik haien taldearen hainbat kanta joko dituzte.

Dagoeneko festan parte hartuko dutela iragarri dute Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, Gobernuko eledun Ana Ollok, Iruñeko alkate Joseba Asironek, Geroa Baiko Koldo Martinezek eta Maria Solanaz, EH Bilduko Adolfo Araizek eta Bakartxo Ruizek, Aranzadiko Laura Berrok eta Aitor Balbasek. Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak eta Iruñerriko beste zenbait alkatek ere parte hartuko dute festan: Oihaneder Indakoetxea (Barañain), Jon Gondan (Zizur), Txema Nobal (Burlata), Ander Oroz (Antsoain).

Han izanen dira, halaber, Euskarabideako Mikel Arregi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako buru Patxi Baztarrika, Kontseiluko Paul Bilbao, Behatokiko Garbiñe Petriati, AEK-ko Asier Biurrun, IKAko Sagrario Aleman, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!