Elizondoko Baztan Ikastolari egokitu zaio aurten Nafarroa Oinez jaia antolatzea. Hamabortz, ama bat goiburuarekin musikaz, ekitaldiz eta haurrei zein gazteei zuzendutako ekimenez jantziko da Baztango udalerria urriaren 18an.
Ibilbidea lau gunetan banatuko dute: lehen gunean, Erberea izenekoan, herri-kirolak, dantza-saioak eta kontzertuak nagusituko dira. Besteak beste, Tximeleta eta Kalakan taldeen musika entzungo da bertan. Bigarren gunean, Emon eta Xutik igoko dira agertoki gainera, eta etxeko txikienei zuzendutako ikuskizunek hartuko dute lekua hirugarrenean.
Gazteek, berriz, laugarren gunean izanen dute hitzordua, eguerditik aurrera. Hesian izanen da oholtzan lehena, eta Oihan Vegaren erritmora dantzatuko dute euskaltzaleek jarraian. Azkenik, 15:30ean, Zea Maysen kantuek bustiko dute Elizondo.