Frankismoaren biktimak oroitzeko manifestazioaren debekuari helegitea jarri diote

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 24a, 13:19

Asteartean jakinarazi zieten debekatu egin zutela iganderako deitua zegoen manifestazioa. Nafarroako Auzitegian helegitea jarri diote "oroimenerako eta askatasunerako" eskubidea urratzen duelakoan.

Asteartean jakinarazi zieten debekatu egin zutela iganderako deitua zegoen manifestazioa. Oroimena eta askatasuna goiburuarekin frankismoan fusilatu zituztenak gogoratzea zen mobilizazio horren xedea. ETAko kide Angel Otaegi, Juan Paredes ‘Txiki’, eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo duela 40 urte hil zituzten.

Carmen Albak Espainiako ordezkariak Nafarroan jarri du debekua. Dio, ETA eta FRAP talde terroristetako kideak omentzea baino ez duela helburu manifestazio horrek:" Manifestazioa eginen balitz, talde terrorista horiek sortutako biktimen eta euren senitartekoen gutxiespena eta iraina izanen litzateke".

Oroimenerako eta askatasunerako eskubidea urratzen duela uste dute antolatzaileek, tartean Ahaztuak taldeak. Helegitea jarri diote Albaren debekuari. Auzitegian eskatu dute "oroimenerako eta askatasunerako" dagoen eskubidea defendatzeko eta debekua bertan behera uzteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!