13 kukutxeztul-kasu detektatu dira azken egunotan Esteribarren

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 21a, 20:05
Argazkia: Berria

Gaixotutako bost adingabekok ez zuten gaitzaren aurkako inolako txertorik hartu, haien gurasoek hala erabakita

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez azken bi asteotan, ikasturtearen hasierarekin bat etorriz, 13 kukutxeztul-kasu arin izan dira Esteribarren, hamabi adingabeen artean eta bat helduen artean. Kaltetutako batek ere ez du koadro larririk izan, eta ospitaleratzeko beharrik ere ez.

Haran horretan izandako agerraldia txertoa hartu gabeko haurrengan askoz handiagoa izan da; gaixotutako bost adingabekok ez zuten gaitzaren aurkako inolako txertorik hartu, haien gurasoek hala erabakita. Aipatu behar da, Nafarroan, txertoen estaldura-portzentajea % 95etik gorakoa dela.

Egoera hori ikusirik, iragan ostiralean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN) medikuek gaitzari buruzko informazio-saio bat egin zuten haraneko hiriburuko Zubiriko ikastetxe publikoan, bertako ikasleen gurasoei egoeraren berri emateko asmoz.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak txertoa hartzeko garrantzia gogorarazi du txertoen egutegian jasotako agindu eta jarraibideen arabera; izan ere, eraginkortasun oso handia du kasu larrienak saihesteko, eta pixka bat mugatuagoa kasu arinenetan.

Txertoen egutegiak kukutxeztularen aurkako txertoa 2, 4, 6 eta 18 hilabeteko adinarekin hartzeko finkatzen du. 6 urterekin oroitzapeneko dosia jartzen da.

Gaur egun, mundu-mailan oroitzapeneko txerto horren behin-behineko hornidura-eza dago. Nolanahi ere, egoera horrek ez dakar arriskurik, Nafarroan, kasu zehatzetan beharrezkoa bada, karga osoko txertoaren dosi bat ematea aurreikusita baitago.

73 kasu detektatu ziren 2015ean

Aurten, oraingoz, Foru Komunitateko kukutxeztul-kasuen kopurua igo egin da: 73 kasu; 2014an, 33 izan ziren.

Igoera horrek lehen aipatutako hornidura-ezarekin ez du zerikusirik, PCR teknikaren erabilera zabaltzearekin baizik eta, hari esker, kasuen baieztapena erraztu da, eta diagnostikoaren sentsibilitatea nabarmen hazi. Teknika horren erabilerak, halaber, kasu bakoitzaren inguruko kontaktuen azterketa erraztu du, diagnostikorik gabe geratu ahal izan ziren beste batzuk detektatzeko aukerarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!