Olatzagutiko Portlandi hondakinak erretzeko baimena kendu dio gobernuak

Euskalerria Irratia 2015eko irailaren 18a

Olatzagutiko Portlan lantegia. Argazkia: @Ecopost_info

Erregai alternatiboak balorizatzea zen asmoa, baina horretarako, labeak moldatzea falta zitzaion. Ordutik bi urte iragan dira; fabrikak ez du ezer egin, eta Nafarroako Gobernuak iraungitzat jo du baimena.

Cementos Portland Valderribasek Olatzagutiko lantegian errauste planta egin nahi zuen. Eragile eta herritar ugari, horien artean Olatzagutiko Udala bera, aurka zeuden, baina, halere, UPNren gobernuak hondakinak erretzeko baimena eman zion Portlandi 2013an. Erregai alternatiboak balorizatzea zen asmoa, baina horretarako, labeak moldatzea falta zitzaion. Ordutik bi urte iragan dira; fabrikak ez du ezer egin, eta Nafarroako Gobernuak iraungitzat jo du baimena.

Hamar urte pasa dira Portlandek errauste planta bat egiteko nahia plazaratu zuela. Lehenengo baimena Yolanda Barcinaren gobernuak eman zion 2011n: egurra, kortxoa, txirbilak eta abar erretzeko zilegitasuna onartu zion. 2013an iritsi zen ingurumen baimen bateratu berria. Hala, lantegiak urtean 36.500 tona hondakin errausteko lizentzia eskuratu zuen.

Sustrai Erakuntza fundazioa, 3 Muga Batera eta Hiru B-n elkarteak proiektua gelditzen saiatu dira, inguruko herrietako biztanleen osasuna arriskuan zegoela argudiatuta. Eskualdeko landa ekonomiak ere ondorioak jasango lituzke. Sakana, Goierri, Lizarra eta Arabako lautadako udalek gogor gaitzetsi zuten UPNren erabakia, eta 10.000 sinadura baino gehiago biltzea lortu zuten.

Dena den, hondakinak erretzen hasteko labeak moldatu behar zituen Portlandek, eta hori atzeratzen saiatu dira hainbat plataforma. Azkenean, bi urte igaro dira, eta Eva Garciak, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, iraungitzat jo du hainbertze polemika sortu duen baimena. Era berean, UPNren gobernuak zaborra kudeatzeko plan berri bat sortzea erabaki zuen otsailean; Nafarroako gobernu berriak ere horretan dihardu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!