Nafarroako lehendakariak azpimarratu du bide berriak ireki dituztela. Harreman sozioekonomiko eta kulturaletan sakontzeaz gainera, harreman politikoan ere lan eginen dute. Harreman iraunkorra eratuko dute esparru sektorialetan: azpiegiturak, suspertze ekonomikoa, osasuna, hezkuntza, eta kultura zein euskara bezalako arloetan.
Estatuaren asmo zentralisten aurrean eta autogobernuaren aurkako saioen aurrean itun eta kontzertu ekonomikoak zaintzeko "erne" egonen direla adierazi dute bi lehendakariek.
Euroeskualdean sartzeko eskaera egin dio Barkosek Urkulluri azken hau eskualdeko presidente denez. Honek ontzat jo du eskaera. Orain, Akitaniaren oniritzia falta da.
Halaber, iragarri dute Nafarroan ETB ikus dadin bilerak datorren astetik hasiko dituztela bi gobernuetako ordezkaritzek. Arazo teknikoak bideratzeko eginen dituzte bilerok.