Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa zabalduko du Foru Gobernuak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 16a, 19:59

Kode etiko bat sustatzea eta aurreko legealdietan egindako kontratazioak berrikustea izanen dira helburu nagusiak. 

Nafarroako Gobernua Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa ezartzeko pausoak ematen hasi da; hala, antolaketa-unitate bat sortzea erabaki da, eta unitate horrek bulegoaren eraketa sailekin koordinatzeko ardura izanen du; horrez gain, kode etiko bat sustatuko du, eta aurreko legealdietan egindako kanpoko enpresekin egindako enkargu eta kontratazioak berrikusiko ditu.

Zeregin horiek eginen dituen unitatea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren mende egonen da zuzenean, Foru Gobernuko gaurko bilkuran onartutako erabakian aipatzen denez.

Bulegoaren egitekoak

Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea Nafarroako Gobernua osatzeko programa-akordioaren barneko konpromisoetako bat dela azpimarratu du kontseilari eledun Ana Ollok. Bulego berri honen zereginak hauek izanen dira:

- Kudeaketa publikoan eta bereziki azpiegituretan egindako jarduera garrantzitsuenen kontu-ikuskapena eta berrikuspena, haien eraikuntzari eta ustiapen nahiz mantentzeari dagokionez.

- Gobernu Egoki eta Bateraezintasunen Kodean egun indarrean dauden legeak gainditzeko Kode Etiko baten proposamena egitea, jokabide desegokiak zehaztu, zehapen-prozedura bat ezarri eta bermeak arautuko dituena diru-laguntzen kontratazio, esleipen eta emakidako epaimahaiak nahiz mahaiak osatzeko orduan. Bulegoa Kode Etiko honi lotuta irekitako espedienteak ireki, bideratu eta ebazteaz ere arduratuko da.

- Ustelkeriaren prebentzioa.

Gainera, programa-akordioaren barnean honako hau mugatzeko aukera sartzen da: funtzio publikoa duten pertsonek egindako lanak sistematikoki kanporatzea enpresak eta profesionalak kontratatuz.

Koordinazio-unitatearen eginkizunak

Bulegoaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua Foru Lege bidez arautuko da. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren aburuz, arau hori prestatzen den bitartean, beharrezkoa eta premiazkoa da antolaketa-unitate bat sortzea, eta honako lan hauek egiteko ardura izanen du:

- Departamentuen arteko koordinazioa  Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ezarpenari arrakastarako behar besteko bermeekin ekiteko.

- Prestaketa-lanak bultzatzea Kode Etikoaren plangintzarako eta hura lantzeko.

- Aurreko Gobernuek Foru Administraziokoak ez diren pertsona edota enpresei oro har egindako kudeaketa- eta kontratazio-enkarguak berrikustea zerbitzu publikoak emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!