Pobreziaren Aurkako Sarean parte hartzen duten kolektiboekin bildu zen atzo Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkos eta gizarte politiketako presidenteorde Miguel Laparra. Lehen batzar horretan konpromisoak hartu zituen Gobernuak: enplegu soziala eratzeko diru-laguntzak emanen dituela eta pobrezia energetikoa gainditzeko diru-partida bat ere matxan jarriko duela.
Legealdi berriari begirako proposamen eta erronka berrien inguruan aritu zitzaizkien Pobreziaren Aurkako Sareko kolektiboko kideak. Gizarteratzeko laguntzak ezinbestekoak direla gogorarazi diote kolektibo horiek Gobernuari eta horretarako beharrezkoa dela Gizarteratze Errenta egoki bat egituratu eta abian jartzea, berandu baino lehen.
Berehalako neurriak
Alde batetik, larrialdi sozialean bizi diren familiak laguntzea eta bestetik, pobrezia energetikoari aurre egitea izanen dira Gobernuak hartuko dituen lehen neurrien arteko bi. Horretarako diru partidan bi milioi euro gehiago bideratuko ditu.
Babestutako enplegu soziala ere indartu nahi du Barkosen Gobernuak. Horretarako ere beste bi milioi euro bideratuko ditu, kasu honetan udaletxeen bitartez egin nahi du laguntza banaketa hori. Nafarroako udalak izan daitezela enplegu soziala sortu eta herritarren artean babes hori eskaintzen dutenak.
Hortaz, hiru izan ziren lehen batzar horretan hartutako lehen neurriak: larrialdi sozialari aurre egiteko laguntzak ematea, babestutako enplegu soziala sortzeko diru-partida handitzea eta Gizarteratze Errenta hobetzea.