"Lurraren alde bizi-bizi" lemapean, Nafarroako Erriberara, Tafallara, Iruñerrira, Ollaranera, Sakanara, Arabako lautadara eta Zigoitiara hurbilduko da bizikleta martxa, abuztuaren 1ean Gasteizen amaitzeko. Bide horretan, “AHTren zentzugabekeriazko egitasmoaren salaketa egin”, eta lurrari erasotzen dioten beste hainbat proiektu ere ezbaian jarriko dituzte, hala nola, fracking-a, erraustegiak edota autopista elektrikoak.
Mugitu! kolektiboak salatu du AHTren mitoa erortzen ari dela eta “erokeria” geldiarazteko unea dela: “Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen ditu eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko lirateken partidak murriztu beharra dakar, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan”.