Gizonek emakumeek baino 9.000 euro gehiago jasotzen dute bataz beste lan berdina egiteagatik. Espainiako erkidegoekin alderatuta Nafarroa da alderik handiena duena soldatetan emakumeen eta gizonen artean. Bataz beste 23.836 eurokoa da nafarren soldata gordina: emakumeen kasuan 19.364,43 eurokoa eta gizonena berriz 27.848,15. Espainiako Estatistika Institutuak egindako ikerketaren emaitzak dira horiek 2013an egindako galdeketaren araberakoak hain zuzen ere.
Industrian lan egiten dutenek jasotzen dute soldatarik gehien, bataz bestekoa baino %20,7 eta eraikuntzan %4 gehiago. Zerbitzuak eskaintzen dituzten arloetan berriz, bataz bestekoa baino beherago daude soldatak %9,9 txikiagoak dira. Horietan guztietan, emakumeek gizonek baino gutxiago kobratu dute eta alderik nabarmenena industrian eman da.
Langilearen adinak ere badu zerikusirik soldatan. Adinez helduagoak diren langileek soldata hobeak dituzte lanpostuan eskaintzen duten esperientzia eta antzinatasunagatik. 25 urte baino gutxiago dutenek, 25 eta 34 urte artean daudenek eta 54 urte baino gehiago dutenek bataz bestekoa baino (23.836) soldata txikiagoak jasotzen dituzte, hurrenez hurren: %49,3 gutxiago, %15,7 gutxiago eta %3,7 gutxiago. Gainerako adin tarteetan daudenek bataz besteko soldata baino gehiago jasotzen dute: 35 eta 44 urte artekoek %5,6 gehiago eta 45 eta 54 urte artekoek %11,4 gehiago.