Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketetan aurretiko izena emateko ostirala arte izanen da epea zabalik. 18 gradu eskainiko ditu NUPk heldu den ikasturtean eta 1.755 plaza daude ikasle berrientzat. Internet bidez egin daiteke aurre-matrikula www.unavarra.es web orriaren bidez.
Batxilergoa, Lanbide Heziketa edo beste goi mailako ikasketak eginak dituztenek aukera izanen dute aste bukaera arte gradu batean izena emateko. Gehienez lau aukera markatu beharko dira, gehien gustuko duten hori markatuta lehenbizi. 25 eta 45 urtetik gorakoek eta 40 urtetik gorakoek ez dute internet bidez izen eman beharrik. Eskaera unibertsitatean bertan egin beharko dute dokumentazioa aurkeztuta.
Uztailaren 3an argitaratuko dute onartutako ikasleen lehen zerrenda. Uztailaren 20tik 22ra egin beharko dute matrikula unibertsitatean bertan. Ezohiko izen-emateko aukera uztailaren 16an eta 17an zabalduko du unibertsitateak bete gabe geratu diren plazetarako.
Masterretan izen ematea ere zabalik
Hogeita hamar master eskainiko ditu heldu den ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoak. 1.077 ikaslerentzat tokia izanen da eta uztailaren 31 arte eman daiteke izena internet bidez.