Gobernua sanferminak baino lehen osatu daiteke Geroa Bai eta EH Bilduren ustez

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 19a, 13:34
Geroa Bai eta EH Bilduk bilera egin zuten unea. Argazkia: @haritzpg

Ahal Dugu eszeptikoagoa agertu da aukera horrekin oraindik adosteko asko dagoelako.

Nafarroako Parlamentuan Mahai eta Eledunen batzarrak lehen bilkura izan du. Parlamentuko barne antolamenduaz eta baliabideez mintzatu dira eledunak, batez ere. Kazetarien aurrera irtenda baina, Nafarroako Gobernuaren osaera noiz etor litekeen galdetu diete. Geroa Bai eta EH Bilduk aukera ikusten dute inbestidura saioa sanferminak baino lehen izatea. Dena dela, programa adosten ari dira eta "presarik gabe baina etenik gabe" lanean aritzeaz gainera, lehentasunak ongi markatzea ezinbesteko jo dute. Podemos-Ahal Dugu eszeptikoagoa agertu da akordioa uztailaren 6a baino lehen erdiestearekin: “Arlo askotan akordioak lortzeko lanean ari gara eta oraindik denbora beharko dugu dena ongi zehaztu eta lotzeko”, esan du Laura Perezek.

Gobernua noiz osa litekeen jakin min bilakatu da baina Mahai eta Eledunen batzarrean nork hartuko duen parte ere garrantzitsua dela aitortu dute alderdi guztiek. Izquierda-Ezkerrak eta PPk ez lukete parte hartzeko aukerarik izanen  -bilera horietan egon ahal izateko gutxienez hiru parlamentari izan behar dituzte alderdiek-a Ezkerrak zein alderdi popularrak bina baino ez dituzte. Gaur baina, aho batez erabaki dute gainerako alderdiek aukera hori ematea bi alderdiei “Parlamentu askotarikoa batzorde guztietan ikusarazi dadin” azaldu du PSNko Maria Chivitek.

UPNko Carlos Garcia Adanero kexu agertu da komunikabideen aurrera. “Aldaketa Gobernura eraman nahi duten horiek ez zuten posturik nahi eta lehen gauza, postuak banatzea izan da; bigarren gauza, askotariko Parlamentuari izkin egitea, euskara hutsez aritu baitziren Parlamentuko Mahaia osatzeko bilkuran eta asko baztertu egin gintuzten”, esan du Adanerok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!