Koldo Martinezek dio gaztelaniazko gidoia galdu zuelako aritu zela euskara hutsean Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 18a, 13:33
Koldo Martinez Parlamentuaren osaketa bilkuran (argazkia: parlamentodenavarra.es)

Geroa Baiko parlamentariak Euskalerria Irratian azaldu du atzokoa “serendipia” bat izan zela, “beste zerbaiten bila zabiltzanean egiten duzun zorioneko edo ezusteko aurkikunde bat”.

Adin Mahaiko presidentea izan zen atzo Geroa Baiko Koldo Martinez, IX legealdiko parlamentari guztien artean urtetsuena dela eta. Horregatik egokitu zitzaion Parlamentuaren osaketa bilkura zuzentzea. Lan hori euskara hutsean egin zuen, ia osoki.

Gaur goizean Euskalerria Irratian azaldu duenez, hori ez zen izan erabaki politiko edo soziolinguistiko arrazoitu bat, baizik eta serendipia bat, kasualitate bat: “Sesioaren gidoia eskatu nuen. Sesioa erabat ofizial eta zurruna zen. Gidoia ekarri zidaten, gazteleraz. Euskarazko bertsioa ere eskatu nuen, eta ekarri zidatenerako, ustez biak batera ekarriko zizkidatela, gaztelerazkoa nonbait utzia nuen. Bilera hastear zegoen, eta hasiera eman nion, euskaraz”.

Foru Erkidegoan eskela gehien saltzen dituen berripapereko iritzi orrialdeetan, Jaime Ignacio Del Burgok gaur gogor egin du Martinezen aurka. Del Burgoren arabera, “Parlamentuaren osatze ekitaldi solemnea itxi zioten nafar herriko gehiengoari, %80k ez dakienez euskaraz, irratiz zein telebistaz ezin izan zuen deus ulertu”.

Koldo Martinezek irmoki erantzun dio Euskalerria Irratiko mikrofonoen bidez: “Atzo denbora guztian euskara erabiltzearena ez zen izan euskara inposatu nahi dugunaren lehen seinalea, ezta ere nafar gizarteari omen diogun mespretxuaren ezaugarri bat, ai, Del Burgo, Del Burgo, eta ezta ere ofizialtasunaren aldeko pauso adierazgarri bat. Sentitzen dut, baina euskararekiko serendipia bat besterik ez zen izan. Serendipia guztietan gertatzen den bezala, kasualitate bat. Hori gerta dadin, alabaina, euskara ere jakin behar da, normaltasunez. Haserretu diren horiek, zoritxarrez, ez dakite, eta ez dute jakin nahi”.

Martinezek halaber nabarmendu du Nafarroako Parlamentuan legealdi honetan 50 parlamentarietatik 21 direla euskaldunak, “inoiz baino gehiago”; guztientzat zeudela aldibereko itzulpena entzuteko gailuak; eta arrazoi horiengatik erabaki zuen saioa euskaraz hasi eta gero euskaraz jarraitzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!