Euskararekiko serendipia eta batzuren haserrea.

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Martinez 2015ko eka. 18a, 14:31

Euskararekiko serendipia eta batzuren haserrea.
Serendipia deitzen zaio beste zerbaiten bila zabiltzanean egiten duzun zorioneko edo ezustezko aurkikunde bati. Baita ere, kasualitateari, kointzidentziari edo ustekabeari.
Eta serendipia bat izan zen atzo Nafar Legebiltzarrean gertatu zitzaidana. Sarreran Navarra Televisioneko kazetari batek elkarrizketa llabur bat egin zidan. Bertan, guztiz hunkiturik, Jose Antonio Urionabarrenetxearen alarguna zen neure amama gogora ekarri nuen. Berarekin beti, euskaraz aritzen nintzen. Bizkaieraz.
Gero, sesioaren gidoia eskatu nuen. Sesioa erabat ofizial eta zurruna zen. Gidoia ekarri zidaten. Gazteleraz. Euskarazko bertsioa ere eskatu nuen. Ekarri zidatenerako, ustez biak ekarriko zizkidatela, gaztelerazkoa nonbait utzia nuen. Bilera hastear zegoen. Eta hasiera eman nion. Euskaraz.
Nere koaliziokide den Jokin Castiella lehen idazkaria euskalduna da ere. Eta berarekin beti euskaraz aritzen naiz. Eta euskaraz ekin ginen. Ekin eta jarrai!
Javier García bigarren idazkaria Cintruenigokoa da eta euskaraz ez daki. Berari zuzenean zin egitea edo hitz ematea galdetuz zuzendu nintzaionean, begirune guztiaz, gaztelera erabili nuen.
Euskara eta gaztelania nafar hizkuntzak dira. 50 parlamentarietatik 23 euskaldun gara Nafar Legebiltzarrean. Inoiz baino gehiago. Guztientzat entzungailuak zeuden gaztelerarako itzulpenaz. Emandako arrazoi guztiengatik eutsi nion euskarari.
Hots, atzo denbora guztian euskara erabiltzearena ez zen izan euskara inposatu nahi dugularen lehen seinalea, ezta ere nafar gizarteari omen diogun mespretxuaren ezaugarri -ai, Del Burgo, Del Burgo!- eta ezta ere ofizialtasunaren aldeko pauso adierazgarririk… Sentitzen dut baina euskararekiko serendipia bat besterik ez zen izan. Serendipia guztietan gertatzen den bezala, kasualitate bat. Hori gerta dadin, alabaina, euskara ere jakin behar da. Normaltasunez! Haserretu diren horiek, zoritxarrez, ez dakite. Eta ez dute jakin nahi ezta ere!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!