Osasunak partidak erosteko 900.000 euro erabili zituela antzeman du epaileak

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 18a, 10:14
Osasuna eta Betisen arteko norgehiagoka.

Osasunak hiru partida erosi izanaren zantzuak daudela dio epaileak auziko sumarioan. Patxi Izko eta Miguel Artxankoren jarduna ere ikertzen hasia da.

Epailea ikertzen ari da ea zertara bideratu zituen klubak aurreko denboraldian 900.000 euro, eta, epaileak dioenez, hiru partida erosteko erabili izanaren zantzuak daude. Dirudienez Espanyoli 250.000 euro eman zitzaizkion bien arteko partida berdintzeko, eta Betisi 650.000 euro; 400.000 euro Valladolidi irabazteagatik, eta azken partidan Iruñean galtzeagatik 250.000 euro. Beste partida batzuk ere ikertzen ari da epailea jakiteko ea diru gehiago bideratu zen horiek erostera.

21 pertsona daude inputatua auzian; besteak beste, Patxi Izko eta Miguel Artxanko presidente ohiak, Angel Bizkai kudeatzaile ohia, eta Patxi Puñal eta Damia jokalari ohiak.

Izkoren agintaldian ere jarri du fokua epaileak.  Ikertzen ari dena zehazki da, nolatan irten ziren hiru milioi euro esku dirutan. 2003 eta 2007. urteen artean atera zen dirutza hori. Epaileak dio ezin duela argitu zertara eta norentzat bideratu zen diru hori eta ustezko delitu horiek ez preskribatzeko ikerketa hasi du. Izan liteke, epailearen txostenaren arabera, diru kopuru bat legez kanpoko jardueretan erabili izana. Osasunaren ondarea desleialki erabili izanaren zantzuak ikusi ditu; diruaz jabetzea, zuritzea eta Ogasunaren aurkako delituak. Atal horretan sartu du epaileak Osasunak berriki Izkoren kontra jarritako salaketa, dirua ateratzeko klubeko txartela bidegabeki erabiltzeagatik. Bidaietan, bitxi dendatan eta jatetxeetan dirutza gastatu zuela salatu dute klubeko arduradunek.

Auziaren beste atal batean sartu du Artxanko presidente ohiaren aurkako salaketa bere ondarearen zati bat emazteari eta semeari emateagatik. Epaileak dio delitu zantzuak daudela ondareak likidatzean eta bere senideei ematean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!