Anaitasunan apirilaren 25eko ekitaldian azpimarratutako 4 zutabetan oinarritu behar da aldaketa Kontseiluak berretsi duenez: arlo juridikotik, plangintza bat eginez, bitartekoak esleituz eta herri gogoa indartzen segituz. Hain zuzen, Anaitasunan eskatutakoa posible egiteko, aldez aurretik aldaketa ziurtatu nahi duten alderdiekin bildu zen Kontseilua eta 13 proposamen biltzen zituen txostena igorri zien. Datozen 4 urteetarako egingarriak direla uste du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Aldaketa gogoa ez zapuzteko eskatu dio Kontseiluak sortzear den Gobernu berriari. Vascuencearen legeak eragin duen "bereizkeriarekin" amaitu eta euskara normalizatzeko lan egiteko eskatu dio. "Hizkuntza politikak errotik aldatu behar du euskaraz bizi ahal izateko eta Nafar guztiek eskubide berberak ziurtatuak izateko Vascuencearen legetik euskararen legera egin behar da jauzi".