Pedro Arrojo Ekonomia irakasleak eta Antonio Casas geologoak Esa urtegiaren handitzea ekiditeko aukerak eta arrazoiak badirela frogatu dute. "Esa handitzeko planak arriskuak baino ez ditu sortuko eta alternatibak badaude ura beste modu batera kudeatzeko", nabarmendu dute. 2004. urtean egin zituzten zenbait ikerketa Esako urtegiaren egoerari buruz eta etorkizunerako zein proposamen egin zitezkeen aztertuz. Hamaika urte joan dira ordutik eta garai hartan proposatutako proiektua berrikusi, berraztertu eta berregin dute: "Egungo egoera ez da berbera eta egitasmoa egokitu beharra zegoen".
Esako urtegiaren handitzea gelditzeko arrazoirik badela uste dute eta bestelako aukerak jarri dituzte mahai gainean. Besteak beste, Esaren ur maila jaistea, ureztatzeko dauden beste baliabideak baliatzea eta segurtasuna ziurtatuko duen neurriak hartzea.
Komunikabideen aurrean eman dituzte urtegiaren handitzea ekiditeko bideragarriak diren beste aukeren inguruko xehetasunak. Horien berri baina, jendaurrean ere emanen dute. Gaur 19:00etan Katakraken izanen da hitzordua.