"Kooperazioa izan beharko litzateke gobernu akordioaren marra gorria"

Euskalerria Irratia 2015eko ekainaren 10a

Kooperazioan konpromisoak eskatu ditu Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzaileak. Argazkia: ongdeuskadi.org

Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak dio erreforma fiskal bidezkoago bat lortzeko premia dagoela eta lankidetzara berriz %0,7 bideratzeko eskaera egin du.

Desberdintasun sozialaren aurkako eta bereziki garapenerako konpromisoa eskatu diete alderdi politikoei. Nafarroako Gobernuan izan daitekeen aldaketaren eragileei igorri die eskutitza Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzaileak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerrari eskatu die, kanpainan egin dituzten promesak bete ditzatela. Lau alderdi horiek euren programetan kooperazioarekin izanen duten arduraz mintzatu dira eta esandakoa betetzeko lanean has daitezela eskatu die koordinakundeak.

“Marra gorria” izan beharko luke kooperazioak Koordinatzailearen ustez gobernu hitzarmenari begira: “2011tik lankidetzara bideratzen den diru partida %80 murriztu da eta loteria da, laguntza, proiektuetara iristea”. Aldaketa soziala eta pertsonei bideratutako politikak egitea beharrezko jo dute. Zazpi neurri ezinbesteko jo ditu mahai gainean Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzaileak: erreforma fiskal bidezko baten bidez herritarrengandik jasotzen den %0,7 lankidetzara bideratzea; gobernuan gardentasuna ezartzea; Nafarroako Batzorde Kooperazioan parte hartzea sustatzea; GKEK solaskide izatea garapenerako politikak eztabaidatzerako unean;PFEZn gizarte gaietara bideratutakoa osagarria izatea eta ez gainerako laguntzen ordezko; Kooperazio Plan Nagusirako baliabideak ziurtatzea eta erreforma fiskal bidezkoagoa bideratzea.

Koordinatzaileak Oxfam Intermonen laguntzarekin aldaketa bultzatzen ari diren alderdien programak aztertu ditu kooperazioarekin hartuko dituzten konpromisoak aztertze asmoz. EH Bildu, Izquierda-Ezkerra eta Equoren proposamenekin kontent geratu dira, baina hobetzeko dute Geroa Baik eta Podemos-Ahal duguk.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!