20 udalerri jendetsuenetan alkatetza bakarra mantenduko du UPNk

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 9a, 08:58
UPNk hauteskunde kanpaina amaierako agerraldia. Argazkia: adelantenavarros.es

Udalerri horietatik 11tan izan du alkatetza UPNk; Citruenigon segituko du bakarrik.

Udalerri gehienetara aldaketa iritsiko da larunbatean. Nafarroako herririk jendetsuenetan UPNk galdu eginen du alkatetza. Bizilagun gehien duten 20 herrietatik (bizilagunen %66,4 biltzen dira, hau da, populazioaren bi heren), bakarrean mantenduko du UPNk alkatetza, Citruenigon. 11 herritan galdu eginen du udaleko lehen postua: Iruñea, Tutera, Barañain, Eguesibar, Burlata, Zizur, Lizarra eta Tafalla ez dira UPNren gidaritzan izanen datozen lau urteetan. Bukatzen ari den legealdira arte alderdi erregionalistak zituen alkatetzak herri horietan guztietan. Ez bakarrik horietan, baita Corellan eta Noainen ere. Litekeena da Peraltan ere ez lortzea udaleko gidaritza UPNk.

Akordioetara iritsi beharko dute ezkerreko alderdiek aipatu udalerri horietan guztietan UPNri alkatetza kentzeko. Hiru edo lau alderdiren adostasunak behar izanen dira horretarako. Desberdinen arteko akordioak, politika ezberdinak egin ahal izateko.

PSNren babesa beharko dute udal askotan aldaketa hori ziurtatua izan dadin. Tuteran esaterako Izquierda-Ezkerrako Eneko Larrarte alkate izateko alderdi sozialistaren babesa ezinbestekoa izanen da, baita Peraltan ere udal gidaritza herriko talde independentearen esku geratzeko.

EH Bilduk zenbait herritako gida makila hartuko du, gauzak ongi: Iruñea, Barañain, Lizarra, Tafalla, Antsoain, Baztan, Berriozar eta Atarrabian, besteak beste. Altsasun hori bai, alkatetza galdu eginen du koalizioak eta Geroa Bairen esku geratuko da. Hain zuzen, beste hainbat herritan ariko da Uxue Barkosen alderdia: Eguesibarren, Burlatan, Zizur Nagusian eta Noainen. Horietan guztietan, akordioak erdietsi beharko dituzte, hori bai.

114 udalerrik dagoeneko badakite nor izanen duten alkatetzan: 65etan independenteak izanen dira nagusi, 12tan UPN, 24tan EH Bildu, 11tan PSN eta 2tan Geroa Bai. Gainerakoetan larunbatean argituko dira zalantza guztiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!