Fiteroko kuartela egiteko orubearen kontzesioa berraztertzeko agindu du Nafarroako Auzitegiak

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 4a, 09:05
Fiteroko kuartela egiten hasi ziren unea. Argazkia: https://elcorralitoforal.wordpress.com

Bizilagunek ohartarazi zuten irregulartasunak izan zitezkeela bost etxebizitza eraikitzeko kontzesioan. Udalak uko egin zion Espainiako Gobernuarekin akordioa berrikusteari.

“Irregulartasunak egon daitezke Fiteroko kuartela egiteko lur-sailean bost etxebizitza eraikitzeko kontzesioan”, hala jakinarazi zuten Fiteroko bizilagunek. Udaleko Hirigintza Plana ez lukeela beteko diote eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak egitasmoa berrikusteko ebatzi du. Herritarrek aurkeztu zuten helegitea aintzat hartu du Auzitegiak eta baliogabe utzi du udalak lur-saila kuartela egiteko doan eman izana. Espainiako Gobernuarekin akordioa berrikusteari uko egin zion Fiteroko udalak nahiz eta irregulartasunak egon zitezkeela jakin. Hala baieztatu du Auzitegiak. Ebazpenari helegiteak jartzen ahal dizkio Fiteroko udalak bi hilabeteko epean.

2014ko irailean egin zuten eskaera bizilagunek: “legalki galdagarria den administrazio prozesua (Udaleko Hirigintza Plana aldatzea) saihestu zuen Fiteroko udalak eta plana berrikustea beharrezkoa da”. Bi milioi euroko lanak lirateke, “presaka egiten ari dira, urtebetean kuartela eginen zutela iragarri, prozesua egikaritu eta inaugurazioa egin”, nabarmendu dute bizilagunek. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak babestu eta sustatu duen proiektua da. “Herritarrak desprestigiatu ditu ministroak, zenbait alderdi politikoren txotxongilo izatea leporatu digu eta gu, herriaren interesen alde baino ez gara aritu lanean”, diote kexu.

Lur-sailaren bestelako erabilerak

2.133 metro koadroko lur-sailean eraiki dute Fiteroko kuartela. Harekin batera, baita bost etxebizitza ere. Udalarena zen lur eremu hori eta Espainiako Segurtasun Sailari doan eman zion. Kiroldegiaren alboan kokatua dago, Fiteroko erdialdean. 822 metro koadro daude urbanizatuak eta gainerakoan eraiki dute kuartela. Fernandez Diazek bere asmoak iragarri aurretik, mediku kontsulta bat eraiki nahi zuen herriak bertan. Halakorik ez zen egin, 500.000 euroko diru partida murriztu egin zuelako Nafarroako Gobernuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!