Gobernuak 33 parlamentariren sostengua edukitzea nahi du Barkosek

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 3a, 12:58
Uxue Barkosek bilera errondaren balorazioa egin du gaur. Argzk: @geroabai

Bi astean akordio programatikoa adostua edukitzea espero du. Halaber, eragile ekonomiko eta sozialekin bilera erronda eginen du.

"Parlamentuko 33 eserlekuetatik babestutako aldaketaren Gobernua litzateke indartsuena", hala nabarmendu du Uxue Barkosek. Maiatzaren 24az geroztik alderdiekin izandako bileren balorazioa egin du gaur agerraldian Geroa Baik.  "26ren babesa lortuta dago, baina gure anbizioa 33 lortzea da", gaineratu du presidentegaiak. Horrez gain iragarri duena da, lehentasunak bilduko dituen programa bi astetan prest izatea espero duela.

EH Bildu, Podemos-Ahal-dugu, alderdi sozialista eta izquierda-Ezkerraren proposamenak bilduko dituzte datozen egunetan, "lehentasunak zehaztuko dituen programa bateratua" sortze aldera. Bost alderdik babestuko luketen Gobernua "denboran iraunkorragoa", "integratzaileagoa" eta "zentzuzkoena" litzateke.

Aldaketaren aldekoekin eta gainerako alderdiekin biltzeko asmoa izan du Geroa Baik. Alderdi popularraren jarrera positibo jo dute, eurekin bildu direlako eta proposamenez hitz egin dutelako, baina, UPNren jarrera ulergaitza egin zaie: "errespetu falta da herritarrekiko eta UPNri botoa eman dietenekiko". UPNri botoa eman zieten herritarrei esan die, "guztiontzat" Gobernatuko duela.

UPNk egunotan kanpaina bezala erabiltzen ari den beldurraren kanpainaren zentzugabekeria nabarmendu du. Datozen egunetan gizarte eragile eta ekonomikoekin erronda bilera hasiko duela ere iragarri du Geroa Baik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!