UPN ez da Geroa Bairekin bilduko

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 2a, 19:39
Javier Esparza UPNko hautagaia, Adolfo Araizekin kanpainan eginiko eztabaida hasi aurretik, akats baten ondorioz atzean EH Bilduren logoa duela. / Iñigo Uriz, Argazki Press

UPNk eta Geroa Baik bilera egitea "itxurakeria hutsa" dela adierazi eta Uxue Barkosekin ez dela batzartuko iragarri du Javier Esparza UPNko zerrendaburuak: "Gure iritziz, lerro gorriak daude, eta Bildurekin eginiko edozein akordio ez da morala".

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdiek aldez aurretik hitzarmen bat egina zutela gobernu alternatibo bat eratzeko helburuarekin kritikatu du Esparzak:

“UPN ez da errespetatua izan eta hau aldez aurretik egina zegoen” eta EH Bildurekin hitzarmenik ez egiteko erabakia berretsi du: "Gure iritziz, lerro gorriak daude, eta Bildurekin eginiko edozein akordio ez da morala". Barkosi galdegin dio Bilduri eska diezaiola "terrorismoa gaitzesteko eta biktimei barkamena eskatzeko".

Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkategaiari babesa emanda, Geroa Baik "lerro gorri" hori gainditu duela uste du Esparzak, eta gaineratu du " bide orria " betetzen ari direla, Asiron Iruñeko alkate eta Barkos Nafarroako Gobernuko presidente izateko bidean.

Halaber, Esparzak kritikatu du Ahal Dugu eta Ezkerra "konplize" gisa erabili dituztela abertzaleek Nafarroa "euskal diputazio bat gehiago" izan dadin. Horren harira, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari kontuak eskatu dizkio "Batasunako gobernu bat" babesteagatik. Honi gaineratu dio irainak eta gezurrak ugari izan direla kanpaina osoan zehar.

Enrique Maia UPNko Iruñeko zerrendaburua ere gogor mintzatu da: "ETA gaitzesten ez dutenek gobernatuko dute". UPNk EH Bilduren zinegotzi kopurua baino bi bider gehiago dituela nabarmendu du eta Iruñea kudeatzeko "zailtasun handiak" izango direla iragarri du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!