Gizarte politiketan eta parte hartzean "sintonia" Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren artean

Euskalerria Irratia 2015eko ekainaren 1a

Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren arteko bilera. Argazkia: @PodemosNavarra

Gizartearen lehentasunetan jarrera "oso bateratuak" dituztela nabarmendu du Uxue Barkosek. Aldaketa ahalbidetzea da Laura Perezen helburua, gobernuaren parte izanda edo kanpotik babestuta.

Sintonia onean joan da Geroa Bai eta Ahal dugu koalizioen arteko bilera. Ordu eta erdi batzartuta izan dira aldaketaren Gobernua osatzeko lehentasunezkoak liratekeenak adosten. Programa osatzerako unean zenbait arlotan "erraza" izanen da bat egitea Uxue Barkosen ustez: "Gizarte politiketan, gardentasunean eta ustelkeriari aurre egiteko proposamenetan adostasunetara iristeko aukera asko dago". Ahal dugu-ko Laura Perezek programan lehentasunak markatzea eta horiek adostea jo ditu garrantzitsu: "Negoziazio mahaia osatu beharko genuke aldaketaren Gobernua osatzeko prest gaudenak, akordioak erdiesteko".

Heldu den astean hasiko lirateke elkartzen mahai baten inguruan aldaketaren alde leudekeen alderdiak Barkosek aditzera eman duenez: "Programan gehiago sakondu eta akordio zehatzagoetara iristeko lanean ariko gara". Elkarrizketarako mahai horretan PSN ikusten ote duten galdetu diete kazetariek koalizio banatako ordezkariei, Barkosek alderdi sozialista ikusiko luke mahai horren inguruan eta Perezek ez luke baztertuko aukera: "Modu horretan alderdiaren kontraesanak agerian geratuko lirateke", nabarmendu du.

Bere burua Gobernuaren parte ikusten ote duen galdetu diote Perezi: "Gobernuaren parte izatea ez dut alboratzen baina kanpotik babestea ere ez dut baztertzen, garrantzitsuena lehentasunak programan markatzea eta horiek betearazteko lan egitea da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!