Bixente Serrano Izko: "Zaila eta arriskutsua iruditzen zait PSN Gobernuan sartzea"

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 29a, 14:09

Bixente Serrano Izkok hartuko du Uxue BArkosen lekukoa Geroa Bairen diputatu moduan Espainiako Kongresuan. Aldaketaren gobernua eratzea zaila izanen dela uste du, baina baikorra da, besteak beste, 26 parlamentari lortu dituzten alderdiek kanpainan elkarrekiko errespetuz jokatu dutelako.

Institutu irakasle izan zara hainbat urtez. Erretiroa hartu berri duzu. Gustura zenbiltzan zure mintegiekin, liburuekin, artikuluekin, eta halako batean Madrilera joan behar.

Banekien tokatuko zitzaidala. Ez da nire gustuko platerra, baina bere garaian hitza eman nuen, eta nik emandako hitza bete egiten dut.

Diputatuen Kongresurako zerrenda osatu zenutelarik, aurreikusi zenuten hau gerta zitekeela?

Bai, baina oso zaila ematen zuen gauzatzea. Oso emaitza onak lortu genituen, eta Uxuek diputatu izatea lortu zuen.

Nafarroa Bairen zein Geroa Bairen erreferenteetako bat zara hauteskunde kanpainetan: beti agertzen zara argazkietan; alta, zerrendetan beti zaude ez ateratzeko postuetan. Zergatik?

Nik hala eskatu dudalako. Dudan adina dut, eta uste dut jende berria badagoela horrelako erantzunkizunak hartzeko gai dena, eta nik baino gaitasun handiagoa duena. Nik sekula ez dut nire burua hor ikusi. Garai zaharretan ere, Euskadiko Ezkerrako zuzendaritzan nenbilenean, ez nuen neure bura ikusten politikari profesional bezala. Horregatik erretiratu nintzen, eta hasi nintzen irakasle lanetan. Hor askoz gusturago ibili naiz.  

Hauteskunde orokorrak azaroan eginen dituzte. Zenbat denbora emanen duzu Madrilen?

Uste dut 55 egun lehenago desegin behar dutela Kongresua, eta abuztuan uste dut oporrak hartzen dituztela. Beraz, bi hilabete eta erdi, askoz jota hiru emanen ditut Kongresuan.

Oso une berezian iritsiko zara Kongresura.

Une historiko batean, berri batean, bipartidismoa gainbehera dagoenean. Oso une interesgarria da.

Espainiako ezkerrak hordagoa bota dio monarkia parlamentarioari 78 erregimenaren iruzurra salatuz. Bat al zatoz ikuspegi horrekin?  

Erabat ados nago. Oso argi dago nola egin zituzten gauzak trantsizioan, gero egin dutena egin ahal izateko, alternantzia faltsua egiteko. Neure egiten dut diagnostiko hori. Bipartidismoa, erregimena krisian sartu da. Ez dakigu zenbat iraunen duen krisiak eta egoera berri honetatik nola aterako garen guztiok, bipartidismoaren amaiera izanen den, edo ez.

Prozesu horrek zein ondorio izanen ditu Geroa Bai, Amaiur edo EAJ bezalako alderdietako diputatuentzat? Badirudi bigarren mailan gera daitezkeela.

Podemosek benetan nolabaiteko nagusitasuna lortzen badu Madrilen, beste era batean jokatuko dute. Agian aukera gehiago izanen dituzte era normalagoan agertzeko komunikabideetan eta. Baina jokamolde politikoa aldatu beharko dute: manerak, helburuak…

Zer gertatu da Nafarroan, halako batean posible izan dadin aldaketaren aldeko indarrek 26 parlamentari lortu ahal izatea?

Azkenean oso alde gutxi izan da. Bagenekien hor ibiliko zela kontua, 26-24 edo 24-26. Nik esanen nuke ez dela gauetik goizera sorturiko kontua, ibilbide luze bat dago atzean. 2004an hasi zen dena, Nafarroa Bai sortu zenean. Gero arazoak izan dira, eta hanka sartzeak. Baina orduan ikusi zen bazegoela oinarri sendo bat, eta ongi lan eginez gero emaitzak lor zitezkeela. 2004tik hona 11 urte pasatu dira, eta lortu da. Ez da ez halako batean emandako salto bat.

Amaitu al da hegemonia erregionalista? Haien interesak gizarte osoarenak balira ikusarazteko gaitasuna galdu al dute?

Gustatuko litzaidake hala izatea. Ez dakit hegemonia hori erabat galdu duten, baina argi dut gutxienez oso higaturik gelditu zaiela. Baina Europako sistema demokratikoetan ezin dugu pentsatu halako garaipen bat betiko dela. Etorriko dira beste une batzuk. Orain gure papera, guztion papera da frogatzea kudeatzeko, ongi kudeatzeko gauza garela.

Hegemonia kili-kolo dute, baina sare trinkoak mantentzen dituzte botere finantzarioan, enpresarialean, unibertsitarioan, erlijiosoan, sindikalean. Zer gertatuko da horiekin?

Bai, botere sare trinkoak dituzte, baina zirkulu horietako zenbaitetan, batez ere interes materialak dituztenetan, interes material horiei emanen diete lehentasuna, batez ere ikusten badute gauzak bide eramangarri batetik joaten direla. Nik espero dut botere faktikoen zirkulu horietan bestelako ikuspegiak ere izatea, eta nolabait haien jarrerak arrazionalizatzea.

Aurrekoan Berria-n zenioen Santi Leonerekin bat zatozela: 26 parlamentari lortzea zaila zen, baina gobernu egonkor bat eratzea are zailagoa izan daiteke.

Orain datorkigu zailena, benetan. Orain artekoa beharrezko baldintza bat zen, eta baldintza hori bete dugu, baina, noski, orain dator zailena. Baina ni baikor nago. Adibidez, gustatu zait 26 parlamentari lortu dituzten indar horiek zer nolako kanpaina egin duten. Garai batean elkar mokoka ibiltzen ziren, eta honako honetan elkarrekiko errespetu handiz aritu dira. Bazekiten hori tokatzen zela, horrela jokatu behar zutela. Eta badakite orain lortu dena lortuta ere hori tokatzen dela.

Berria-ko artikuluan halaber zenioen PSNri giltza kentzea ezinbestekoa zela.

Hori argi eta garbi dago. PSNk lortu izan balu giltzari eustea, ez geundeke egoera honetan. PSNk jokatuko zuen orain arte jokatu izan duen bezala. Gobernuan sartuko zen UPNrekin. Eta beste guztiok nazionalistatzat joko gintuen, mespretxuz.

Hori horrela, zer deritzozu Geroa Baik PSNri eskua behin eta berriz luzatzeari?

Nire ustez irekita egon behar dugu guztiok, ez bakarrik Geroa Baik. Jarrera irekia eduki behar dugu, eskaintza egin behar diogu, eta berak erabaki behar du nahi duen ala ez. Baina nahi baldin badu, ezin du baldintza asko jarri, jada ez delako beharrezkoa.

Berria-ko artikuluan zenioen PSN ez dela uztargarria gobernu egonkor batekin.

Oso zaila ikusten dut. Oso berme sendoak eskatu beharko litzaizkioke. Eta egia esan niri ez zait bururatzen zein berme eskain dezakeen, azken urteotan behin eta berriz egin duena egin eta gero. Ibilbide hori ikusita, hitza ez da aski, hitzak bakarrik ez du balio.

Posible ikusten duzu aldaketaren gobernuan PSN egotea?

Elkarrizketetan egon beharko nuke hori esan ahal izateko, eta ez naiz egonen. Zaila ikusten dut, eta arriskutsua. Baina ongi dago eskaintzea. Berak erabaki dezala. PSN sartuko balitz halako gobernu batean marra guztiak desagertu beharko lirateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!