Barcinari "Hitlerren aurreko Alemania" dakarkio gogora egungo Nafarroak

Euskalerria Irratia 2015eko maiatzaren 27a

Yolanda Barcina Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: Argia.eus

Nafarroako jarduneko presidenteak nabarmendu du Iruñea izan daitekeela EH Bilduk "Espainian" gobernatuko duen hiriburu bakarra.

Yolanda Barcinak onartu du aukera asko daudela Uxue Barkos presidente izateko, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin, eta esan du horiekin "KAS alternatiba etorriko" dela, "beti defendatu dutena": "presoak kaleratzea, independentzia eta Nafarroa erakunde bezala desagertzea". Nafarroako jarduneko presidenteak ez du uste Jose Javier Esparza UPNko hautagaiak Nafarroako presidente izateko aukerarik duenik, are gehiago, oso zaila ikusten du. Hala esan du TVE Espainiako telebistan egin dioten elkarrizketan.  

Iruñeko alkatetza ere izan du hizpide Barcinak. Joseba Asiron EH Bilduko hautagaiak kargua eskuratu dezakeela uste du, eta dei egin die Pablo Iglesias Podemoseko buruari eta EAJri (esan duenez, Geroa Bai Nafarroako EAJ da) EH Bilduri Iruñeko alkatetzarako ateak ixtera: "Ez dute terrorismoa gaitzetsi, eta ez dute irabazi", ohartarazi du. Modu horretan Iruñea izan daiteke "Espainian" EH Bilduk gobernatuko lukeen hiriburu bakarra.  Barcinaren ustez EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren arteko akordio bat ez litzateke normala izanen, izan ere Gasteizen eta Donostian zerrenda bozkatuenak aginduko du.

Barcinari ez zaizkio batere gustatu igandeko emaitzak: "Herritarrak beti du arrazoia, nahiz eta gizarteak aldatu egiten diren, Venezuelan, Argentinan edo Hitlerren aurreko Alemanian bezala". Hauteskundeen bigarren itzuli bat egin beharko litzatekeela ere esan du, eta adibide jarri du Frantziako egoera: “Frantzian udal bozetan egiten dute bigarren itzulia”.  Izan ere, iruditzen zaio Barcinari herritarrei galdetuko balitzaie ea nor nahi duten alkate izatea, Bildu-Batasunaren hautagaia edo Enrique Maia, Maia litzateke alkate gehiengo hiper-absolutu batekin".

Uxue Barkosek Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren parlamentari guztien babesa behar du presidente izendatuko dutela ziurtatzeko. 26 parlamentari dituzte denera eta modu horretan ziurtatuko lukete izendapena, gehiengo osoa baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!