Indar abertzaleek 100.000 botoen langa gainditu dute Nafarroan

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 25a, 17:13

Gero Bai eta EH Bildu alderdien artean 17 parlamentari batuko dituzte, Nafarroako Parlamentuan indar abertzaleek inoiz izan duten ordezkaritzarik zabalena osatuz.

Maiatzaren 24ko hauteskundeetako botoen %99,27 zenbatuta, Geroa Bai (53.034) eta EH Bildu (47.843) alderdiek 100.000 botoren langa gainditu dute.

Alderdi abertzaleek ez dute inoiz muga hori gainditu. Aurreko bi legealdietan gerturatu ziren, baina ez gainditu. 2007an, Nafarroa Bairen botoak eta ezker abertzalearen aldeko boto baliogabeak 94.000 baino gehiago izan ziren; Nafarroa Baik 12 parlamentari erdietsi zituen orduko hartan. 2011n, berriz, indar abertzaleak 92.000 botoren bueltan ibili ziren; Nafarroa Baik 8 parlamentari lortu zituen, eta Bilduk, 7.

Jakina denez, Geroa Baik 9 parlamentari eskuratu zituen atzo, eta EH Bilduk, 8. Hau da, osotara, 17 parlamentari abertzale izanen dira Nafarroako Parlamentuan heldu diren lau urteetan. Gainera, litekeena da Parlamentutik aterako den Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere, Uxue Barkos, abertzalea izatea.

Parlamentari euskaldun gehiago

Inoizko parlamentari abertzale gehien izateak ere izanen du ondoriorik Parlamentuaren egoera soziolinguistikoan. Izan ere, Euskalerria Irratiak baliatzen dituen datuen arabera, atzoko hauteskundeetatik ateratako 50 parlamentarietatik 20 inguru euskaldunak dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!