Patxi Zabaleta: “Lehenago eta ausartago ibili izan banintz gehiago asmatuko nuen”

Politikako lehen lerroa utzi berritan elkarrizketatu dugu Zabaleta. Nafarroako gizartean “aldaketa sakona” gertatu delakoan dago, baina aldaketa politikoari dagokionez beldur da; izan ere, “Podemosen eta PSNn berriro ager daitezke Madrilgo ustezko interesak lehenetsiko dituzten Pepiño Blancoren eta Rubalcabaren antzekoak”.

1979an Herri Batasunaren Iruñeko alkategaia izan zenetik, Zabaleta Nafarroako eta Euskal Herriko politikako lehen lerroan izan da. Maiatzaren 25eko foru eta udal hauteskundeetan, ez da lehen lerro horretan izanen, ez da hautagaia izanen. Zehazkiago adierazita, EH Bilduren zerrendetan 51.a izanen da, ordezko hautagai moduan, hautagai sinboliko moduan. Horren karietara ez duela sentipen berezirik dio: “Bazen garaia lehen lerrotik baztertzeko, gazteei lekua uzteko”.

Autokritika egiten hasita, azkartasuna eta ausardia falta izan zaizkiola dio: “Gauza batzuetan lehenago eta ausartago ibili izan banintz gehiago asmatuko nuen”.

Nolanahi ere, bakegintzari dagokionez, uste du Aralar “ezinbestekoa” izan dela gauzak daudenetan izan daitezen. Askotan esandakoa berretsi du: bere irudikoz ETAk ez du desagertu behar, besteak beste, “autokritika, egindako minaren aitortza, erakundeak egin behar duelako eta ez gizabanakoek”.

Ezker abertzalean politika berrira egokitzeko pausoak azkarrago egin behar direla uste du: “Koalizioak alderdi bakar bihurtu behar du, militante guztiei parte hartze demokratikoa eskaintzeko, guztiei betebehar eta eskubide berberak emateko”.

Zabaletaren aburuz, Nafarroan abertzaleen artean ezkertiarrak gehiengo izatera deituak daude, baina garrantzitsua da abertzaleen artean ezkerreko aukerak ez ezin eskuinekoak ere izatea: "Geroa Baik beste lurraldeetan EAJk jokatzen duen rola jokatu behar du, Irlandan gertatzen den bezala".

Aldaketari doakionez, baikor da, baina baita beldur ere: "Aldaketa sozial sakona gertatu da, baina aldaketa politikoa gerta dadin Podemosek edo PSNk bisagra rola jokatu beharko dute, eta Pepiño Blanco eta Rubalcaba berriak sor daitezke".