Ivan Gimenez: “Nafarroa ez dago salgai, Nafarroa oinordetzan hartzen da”

Sindikalista eta kazetari iruindarrak 'El corralito foral' liburua plazaratu du, Pamiela argitaletxearen eskutik.

El Escarmiento liburuan, Miguel Sanchez Ostiz idazleak Nafarroan memoria historikoaren gainean argitaraturiko guztia bildu eta eleberri forma eman zion. Askok Nafarroako memoria historikoari buruzko liburu definitiboa dela diote. Ivan Gimenezek hori bera egin du erregimen erregionalistarekin. Baina bera ez da idazlea baizik eta kazetaria, eta horregatik erregimen erregionalistari buruz argitaraturiko guztiarekin ez du eleberria egin baizik eta 400 orrialde baino gehiagoko erreportaje mamitsua, umoretsua, txinpartatsua. El corralito foral erregimen erregionalistaren gaineko liburu definitiboa da, gure uste makalean.

Santi Leonek salatua zuen Jaime Ignacio Del Burgoren oinarri historiografikoak iruzur hutsa zirela. Ricardo Feliuk esana zuen Nafarroan jatorri sozial bereko 90 lagunen artean banatzen dutela boterea. Javier Ederrek kontatua zuen Xabierraldia asmakizun frankista dela. Baina Gimenezek horiek guztiak eta beste asko bildu ditu (liburuaren bibliografiaren atala luze bezain interesgarria da), eta bere tesi birrintzailea guztiz frogatua utzi du: egun Nafarroan aginte ekonomikoa, politikoa, mediatikoa, erlijiosoa duten pertsonen botereak 36ko Gerran duela sorburua, eta botere hori heredatu egiten dela.

Liburuaren bertute nagusia: tesi oro-hartzaile hori; corralito, kortatxo, txosna foralaren funtzionamendua azaltzeko gaitasun arrunt didaktiko hori. Beste bertute bat: zatika ere ederki funtzionatzen duela, datu eta pasadizo mordoa biltzen baitu. Hirugarren bertute bat: liburu ausarta dela, tesi nagusia sustengatze aldera sona handiko hainbat familiaren dirutzaren jatorri frankista agerian uzten duena. Catalandarrak, Huartetarrak, Arraizatarrak… Denak larrutzen ditu.

Gimenezek berak azaldu digunez, “arraina ez da jabetzen inguruan duen uraz, eta asko Nafarroan hala bizi dira: ez dira jabetzen inguruan dauzkagun gauza asko eta asko ez direla batere naturalak, erregimenak inposaturikoak direla, erregimena indartzen dutela”. Adibide zehatzak eskaini dizkigu elkarrizketan, nafar guztiok batzen omen gaituzten hiru gauza ustez neutroren inguruan. Iruñeko Udalaren webaren arabera Txupinazoa bi zinegotzi falangistak asmatu zuten, baina egiazki 36an fusilatu zuten Kale Nagusiko estankoko jabe errepublikazalearena zen asmakizuna. Osasuna futbol taldearen izena asmatu zuen ANVko kidea ere fusilatu zuten. Xabierraldia asmakizun frankista bat da. Liburuan adibide gehiago ematen ditu, jakina.

Une berezian iritsi da liburua, krisi ekonomiko garaiotan. Gimenezek dioenez, “orain jada ez dute dirurik aho guztiak erosteko, eta orain arte asko kobratzen zuten eta jada horrenbeste kobratzen ez duten zenbait aho hitz egiten hasi dira”. Horrek “asko erraztu du liburua egitea, corralito honek nola funtzionatzen duen kontatu ahal izatea”.

Horiek guztiak eta gehiago entzun daitezke lerrooi atxikitako bideo-elkarrizketan.

Erlazionatuak

Navarrismoaren aberastasuna, 36ko Gerratik datorren haria

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa

El corralito foral liburua aurkeztu du Iván Giménezek joan den asteazkenean Iruñeko Gurutze Plazako Institutuan.