Aurreko asteetan izen bereko bloga ibili du dantzan sare sozialetan eta kuriositatea sortua zegoen. Hedabideren batzuek ere oihartzuna egina zioten liburuari eta bazen edukiaz jakiteko ikusmina. Egilea eta berau laguntzen duen Pili Yoldi kazetaria bikain inguratua daude 36ko Gerra giroa aretora dakarten José Ramon Urtasunen lau margolan gordinekin.
Liburuaren tesia ez da edonolakoa: gaur egun Nafarroako sare ekonomiko eta politikoa kontrolatzen duten pertsona eta familien boterea 36ko Gerrarekin hasitako frankismoaren gainean eraikia da. Edo bestela esanda, gaur egungo Nafarroako gizarteak bere egin dituen sinbolo eta egitura ugari, 50 familiaren botere ekonomikoa sostengatu eta elikatzeko erabili dira: Sanferminak (txupinazioa eta Hemingway adibidez), Javierada, Osasuna, foruak, Nafarroako Unibertsitatea, esparragoak eta patxarana… Dena, umore doinu eta ironiaz kontatua 381 orrialdeko liburuan. Bide beretik eraman du hitzaldia ere, jario handiz eta entzuleriaren barrea sarritan piztuz. Hau guztia biluztea ere, egin beharreko memoria historikoa dela aldarrikatzen du idazleak.
Ondutako lurrean hazi da liburua
Pamiela argitaletxeak 2005ean kaleratu izan balu liburua, oihartzuna zukeen seguruenik, baina 2015ean egiteak beste plus bat ematen dio: kapitalismoak mendebaldean bizi izan dituen krisi ekonomiko handienetakoaren harian etorri da, eta honek gogor kolpatu du Nafarroa eta bere ohiko egitura sozio-ekonomikoa. Giménezek aurkezpenean gogoratu duen gisan: “90eko hamarkadan aberastasuna 16 aldiz bikoiztu zen eta bazen zer banatu”, baina krisian sartuta “gozokiak amaitu egiten dira” eta corralitoa sostengatzen duten egiturek dar-dar egiten dute. Aurrekontuak %25 murriztu dira azken urteetan eta “denentzat ez dagoenez, batzuk gertatutakoak kontatzen hasten dira”.
2010etik aurrera sekulakoak ezagutzen hasten da Nafarroako gizartea: hainbat adar dituen CANeko eskandalu osoa, autobiak ordaintzeko itzaleko diru-sari itzelak, Nafarroako Ogasunaren irregulartasunak, murrizketa latzak, Navarra Arena eraikina, Osasuna auzia… Asko eta asko dira ustel usainekoak, herritarrak oso sentibera dira eta erregimena dantzan da.
Azken urteetan, halaber, Nafarroako eliteei buruz atera diren informazio ugarien jakitun ere bada entzule asko, besteak beste hor dira Ricardo Feliuk Nafarroako familia aberatsenei buruz egindako tesia, edo CANi buruzko El Banquete eta Joxerra Senarrek idatzi berri duen CAN: eta hemen ez da ezer gertatu liburuak.
Ongarri kimiko zakar eta suntsikor horrek guztiak busti du azken urteetan Nafarroako gizartea eta hor ondu da Giménezen aurrean dauden 200 bat lagunen interesa. Eta jakin minaz bat, hor da nafar gizarteko esparru oso zabalean dagoen eskari sakona: aldaketa!, Iruñerriko gisa honetako hitzaldi eta jende multzo bilketetan ezinbesteko mintzagaia eta dagoeneko obsesio ere bilakatua.
Aldaketa!
Jende ezagun ugari da ekitaldian, horietako batzuek aldaketaren akuilu ezagunak, batzuk behintzat ikusi ditu kazetari honek: Laura Pérez Podemoseko lehendakarigaia, Joseba Asirón Iruñeko Udalerako EH Bilduko alkategaia, Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzailea, Oscar Fresán Iruñeko Podemoseko idazkari nagusia, eta baita Nafarroan izan duen ibilbide politiko luzeagatik Giménez kontatzen dituen asko eta askoren lekuko zuzena izan den Patxi Zabaleta ere.
Pili Yoldi kazetaria du gai jartzaile Giménezek eta lehen Del Burgo aipatzen dio egileari, orain Miguel Sanz eta geroago liburuko ‘El Clan del Oso Corellano’ kapitulua. Gazteleraz argitaratua dagoen liburuko eduki zerrenda mamitsua jarri dio du Yoldik mintzagai. “Liburu hau idazteko behar nuen doinua hobeto menderatzen dut ama hizkuntza dudan gaztelanian”, azpimarratu du Giménezek. Lagun mekanikoa duela dio egileak, kotxeak egin eta desegin egiten dituena eta bere lana ere horrekin erkatu nahi izan du. Ikerketa ugariren bilduma sakona da liburua: “Bati kopiatzen badiozu plagioa da, askori kopiatzen badiozu ikerketa” jaurti du umorez.
Egun ELA sindikatuan ari da lanean Giménez eta baita sindikatu horretako fundazio den Robles Arangiz Institutuan ere. Diario de Noticias-eko kazetaria izan da 13 urtez eta gaur egun Argia-ko kolaboratzailea ere bada.
Umorez dago idatzia navarrismoaren erraiak biluzten dituen liburua, baina mingotsa da, tristea eta gogorra ere izan liteke askorentzat, “horregatik, azken kapitulua baikortasunez idatzi dut eta hemendik ere baikortasunez joatea nahiko nuke”, horrek ere aldaketa akuilatzeko balioko duelakoan. Eta gero, aurrez aurre jarri zaion hilera luzeko liburuak sinatzen hasi da.
Xabier Letona