TTIP proiektua onartuz gero sortuko lituzkeen ondorioez ohartarazi du Nafarroan itun horren aurka sortu berri den ekimenak. Europako Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko ituna da TTIP delakoa. Merkataritza ituna litzateke, helburu duena Atlantitkoko bi aldeetako merkatuan sarbidea erraztea. Enpresa handiei eginen lieke mesede itunak, bereziki multinazional eta transnazionalei erraztasunak emanen lizkieke. Kontrolik ezarri gabe ariko lirateke merkatu erabat librean. Enpresa horien interesen aldeko itun arriskutsua dela nabarmendu du sindikatuek eta gizarte-eragileek osatu duten TTIParen aurkako ekimenak.
Itunaren bidez sortuko liratekeen egoera bidegabeak jarri dituzte adibide. Arriskuan izanen lirateke giza-eskubideak itun horren bidez. Pribatizaziora joko lukete zerbitzu askok, lan eskubideak okerrera eginen lukete eta oinarrizko zerbitzuak ere kolokan jarriko lituzke.
Manifestazioa eginen dute egoera salatzeko larunbatean. Kritikatu duten bestea, izkutuan egiten dituztela itunaren elkarrizketak eta ondorioz, itunak berak ekarriko lituzkeen ondorio guztiak ere ezin direla zeintzuk diren jakin.
Alderdi politikoei eskaera
Alderdi politikoei gutuna emanen diete TTIPak sor dezakeenaz ohartarazi eta gaia euren agendetan txerta dezaten eskatzeko. Ostegunean eramanen dituzte gutunak alderdi politikoetako egoitzetara. Larunbatean manifestazioa eginen dute autobus geltoki zaharretik abiatuta arratsaldeko seietan.