Ingurumenaren aldeko ekintza Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 10a, 15:02

Frackingaren eta transgenikoen arriskuez ohartarazi eta TTIP merkataritza akordio berriaren aurkako mezua zabaldu dute elkarretaratzean.

Gasa lurpetik ateratzeko teknikak ingurumenean sortzen dituen kalteez ohartarazi dute Iruñean egindako protestan. Ez hori bakarrik, transgenikoek jendeari eragin diezaioketen arazoez ere jakinarazi dute. Elkarretaratzen bildu dira TTIP merkatarotza azkartzeko xedea duen hitzarmen transatlantikoaren aurka daudela adierazteko. Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko hitzarmena da TTIP, eta praktikan, haren aurkarien esanetan, transnazional handien jarduna errazteko eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko aukera eskainiko zaie transnazionalei. Horrez gain, ingurumenaren eta osasunaren babes-estandarrak ahultzeko balioko luke Europan behinik behin. Ongizate estatua desegiteko baliatuko lukete, funtsean.

Orain dela urte eta erdi jarri ziren martxan munduko bi bloke aberatsenen arteko negoziazioak. Proiektuak geroz eta kezka handiagoa sortu du Europako eta Ameriketako Estatu Batueko gizarte mugimenduen artean eta baita gure inguruan ere. Sekretuak dira elkarrizketok, baina filtrazioei esker ezagutu diren edukiek erne jarri dituzte globalizazioaren aurkako ekintzaileak.

Kezka horrek bildu ditu itunaren aurkakoak. Alderdien artean daude EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Podemos-Ahal dugu eta Equo besteak beste. Sindikatu nagusien babesa du ere badute; ELA, LAB, Comisiones Obreras eta UGTrenak eta baita hainbat gizarte erakunderena ere.

TTIParen aurkako plataformak ere sortuak dira. Horien ustez, negoziatzen ari den merkataritza itunek eragin negatibo handia izanen dute. Akordioaren beharra justifikatzeko, ekonomia suspertu eta enplegua sortuko duela ziurtatu dute gobernuek. Balizko onura horiek ez dutela inolako oinarririk ohartarazi dute TTIPen kontrakoek, aldiz.

Kolektiboen ustez, TTIP globalizazio kapitalistaren hurrengo urratsa litzateke, baina baikorrak dira proiektua ez gauzatzeko aukerari buruz. Iruñean gaur TTIPak eraginen lukeenaren berri eman dute ekitaldi ikusgarri baten bidez. Bereziki transgenikoetan eta frackingean jarri dute fokoa. Transnazionalen mesedetan onartuko lukete TTIP delakoa; Estatuen, Gobernuen eta herritarren gainetik. Eskubideak urratzea ekarriko lukeela uste dute.

Datorren apirilaren 18an nazioarteko protesta egun bat antolatzea adostu dute. Akordioari kontrajartzen zaion eredu sozial eta ekonomiko baten alde eginen dute. Pertsonak, ingurumena eta herrien demokrazia transnazionalen gainetik jarriko lituzkeen eredua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!