Neurri asko, zehatzak eta orokorragoak direnak. Helburua, kalitatezko enplegua sortzea litzateke Geroa Bairentzat. Izan ere, Nafarroan egungo egoerak agerian uzten du zein larria den langabeziaren arazoa:herritarren %15 langabe dago. Baina eskualdearen arabera datu hori are handiagoa da, Errinberan eta Sakanan kasu. Horregatik, neurri orokorrak planteatzeaz gainera lurraldeka neurri zehatzak ere bideratuko lituzke koalizioak. "Urtebetean 800 lanpostu sortzeko neurri zehatzak jarri ditugu mahai gainean eta epe luzera begira jarrita, Nafarroako aurrekontuaren %0,5 enplegu publikoa sortzeko bideratuko genuke", hala nabarmendu du Uxue Barkosek.
Zergetan ere aldaketak ezarriko lituzke, esaterako Sozietateen Gaineko Zergan. Nafarroan geratu nahi duten enpresak eta deslokalizatu eginen direnak modu ezberdinean tratatuko lituzke, hobariak eskainiz bertan ezartzen direnentzat.
Kalitatezko enplegua sortzea xedea
Nola lortzen da kalitatezko enplegua sortzea? Galdera horri erantzuten saiatu dira Uxue Barkos eta Manu Aierdi. Enplegua sortu eta sustatzeko planean neurriak hartzeaz gainera, eredu ekonomikoa aldatzeko beharra nabarmena dela iritzi dute. Baina hori ez da berehalakoan gertatuko. Planteatzen diren neurri guztiek, aldaketa ezarriko dute baina epe motzean baino, epe luzean hasiko da nabaritzen.
Enplegu arloan beraz, neurri orokorrak ezarriko lituzke Geroa Baik. Eskualdearen beharraren arabera neurri zehatzak ere bai, eta enpresa txiki eta ertainak finantziazioarekin lagunduko lituzke. Pausoz pauso, eredu ekonomikoa aldatzera jo behar dela uste du koalizioak.